1.200 lagunek bete dute Ficoba herri bazkarian
Betti Gottik eta Antxeta Irratiak antolaturik, Koadrila Eguna izan dute gaur Irunen. Egitarau oparoaz gozatzeko aukera egon da: gosari herrikoia, goitibeherak, kamiseten lehiaketa, herri bazkaria, dantzaldia eta txarangak.

Urtero bezala, Irungo jaietan egun bereziaz gozatzeko aukera izan dute koadrilek. Goizetik hasi dute eguna, gosari herrikoia eginez Urdanibia Plazan. Ondoren, goitibehera lehiaketa egin dute, eta poteoan ibili ostean Ficobarantz abiatu dira, bertan bazkaltzeko.
Betti Gottik eta Antxeta Irratiak antolatu dute egitaraua, eta sarrerak ohi baino “pixka bat geldoago” saldu diren arren, pozik agertu da Joxeja Zabalo antolatzailea, “globotxupinazoa oso ondo joan baita, eta jendea oso animatua baitago”. Bazkalostean denak mahaitik altxatu dira Peña Poteo txarangarekin dantzan hasteko.
Egunaren balorazio “oso ona” egin du. Goizean goitibeheretan partaidetza “ona” eta “zabala” egon da, eta istriputxoren bat egon den arren, “ondo atera dira”. Gainera, anbulantzia ere bertan zutela azpimarratu du. “Festa giroa” agerikoa da.
Egitaraua “euskararen alde” antolatzen dutela oroitarazi du Zabalok, “jendeak ez badu uste ere, Irun ere euskalduna badelako”.
Bazkarian izan da HITZA, eta hainbat irudi bildu ditu:
































































































