IAMk hiru galderari erantzun behar diola esan du EAJk
Proiektu hau "kanpaina proiektu" moduan sortu zuela PSE-EEk azaldu dute eta orain proiektu hau "errealitatera" ekarri behar dela.

Irungo Areto Moldakorra (IAM) proiektuari buruzko azken xehetasunak eman zituen atzo Cristina Laborda alkateak eta iragarri zuen oinarrizko proiektua idazteko lehiaketa atera dutela. Proiektua idazteko aurrekontua 403.172 eurokoa da
eta Espainiako gobernuaren babesa duen proiektua bada ere, oraindik Eusko Jaurlaritzaren babesa du faltan.
Eusko Jaurlaritzak proiektua hobe ezagutzeko beharra helarazi diola azaldu du alkateak eta horregatik enkargatu dutela proiektua. Gaur, Irungo Batzokian EAJk egindako agerraldian Gorka Alvarez Obra departamenduko ordezkari jeltzaleak azaldu du orain arteko IAMri buruzko informazio guztia”infografia batzuetan” oinarrituta zegoela.
Pabiloi hau hauteskunde kanpainan sortu zela gogoratu du Alvarezek, “kanpaina proiektu” moduan, eta orain proiektu hau “errealitatera” ekarri behar dela zehaztu du. “Jakin behar dugu proiektu hau nola gauzatuko den. Proiektu hau ez da bat ere erraza”.
IAMren oinarrizko idazketak hiru galdera erantzun behar dituela esan du Alvarezek. Batetik, Ficobaren “potentzialitateari eta bilakaerari” nola erantzungo dion proiektuak; bigarrenik, kirol ekipamenduen aldetik “zer nolako erantzuna” emango dien beharrei; eta azkenik, kulturarako erabili nahi bada ea “nola aseko dituen kulturak dituen beharrak”.