Hilaren 23an eskifaien aurkezpena egingo dute traineruek
Aurkezpen ekitaldia 20:00etan hasiko da, Benta Zaharreko plaza txikian. Umeek arraunlariekin argazkiak ateratzeko tartea izango dute, eta bertaratuko direnentzako pintxoak prestatuko dituzte.

Arraun denboraldia hastear da. Larunbat honetan izango dute lehenen hitzordua KAE1 ligan arituko diren Hondarribia Bko arraunlariek, Astileron lehiatuko dira, 13:00ean. Hurrengo egunean, berriz, gertuago izango dute lehia, Pasaiako bokanan, 12:35etik aurrera. Eusko Label eta Eusko Tren Ligak aldiz, uztailaren 5ean abiatuko dira Bilbon.
Denboraldi hasieran urtero eskifaien aurkezpena egiten dute traineruek. Hondarribian hitzordu berezia dute urtero, San Joan bezperan egiten baitute. Aurkezpen ekitaldia 20:00etan hasiko da, Benta Zaharreko plaza txikian.
Gizonetan bi traineru aurkeztuko dituzte: A eta B ontziak, emakumeetan bakarra. A ontzia Eusko Label ligan arituko da, B ontzia KAE1 ligan eta emakumeak Eusko Tren ligan arituko dira.
Ekitaldia bukatutakoan umeek arraunlariekin argazkiak ateratzeko tartea izango dute, eta bertaratuko direnentzako pintxoak prestatuko dituzte: hanburgesak, baserriko oilaskoa, garagardoa eta OLA Sagardotegiko sagardoa izango dira aukeran.
Ondoren, urtero bezala dantzarien emanaldia izango da, eta arraunlariek udal ordezkariekin batera San Joan Sua piztuko dute.