Ehun urte izaki fantastikoekin desfilatzen
Irungo Atsegiña konpartsaren buruhandi eta erraldoiek ehun urte beteko dituzte San Pedro eguneko udalbatzaren desfilean parte hartzen.

Mende bat beteko da aurten San Pedro egunean Irungo Atsegiñaren buruhandi eta erraldoiak udal korporazioarekin batera meza nagusira joaten hasi zirenetik. Junkal elizako ekitaldi horren ondoren, herritarrei dantza egiten diete udalbatzako kideek, eta erraldoiak eta buruhandiak ere bertan egoten dira. Irungo jaietako egun esanguratsuenetakoa da hilaren 29koa, eta izaki fantastiko horiek «tradizio partekatu baten forma hartzen» lagundu dutela uste du Irungo Atsegiñak.
Erraldoi eta buruhandiei esker, ekitaldi horrek «irudi esanguratsu bat» lortu dutela azaldu du elkarteak. Laburki, irundarren «irudimen kolektiboan» lekua egin dutela buruhandi eta erraldoiek, urtez urte udal jai egitarauan tokia izan baitute. «San Pedro eta San Martzial jaiekin lotuta, euren presentziak tradizio partekatu baten forma hartzen lagundu du, herritarren, erakundeen eta kultur elkarteen artean», adierazi dute.
Duela ehun urteko jai egitarauari erreparatu diote Irungo Atsegiñako kideek, oroitzeko haien lehen parte hartzearen iragartzea. Jaien gida horretan lehenbizikoz agertu zen iniziatiba kultural eta instituzional horrez gain, jasota dago Juaristi doktorea delakoak hitzaldia ere eskaini zuela garaiko Bellas Artes antzokian. Hain zuzen, Erraldoiak eta buruhandiak zuen izena saioak, eta elkarteko kideen arabera, proposamen hori ez zen kasualitatea izan. Izan ere, erraldoi eta buruhandiek 1925ean ere «jakin-mina» pizten zutenaren seinalea da iragarpen hori: «Ez dira soilik herriaren festaren parte, baizik eta balio sinboliko eta kultural propioa zuten elementu gisa, aztertu, hausnartu eta publikoari helarazteko modua izan zen».
Ehungarrena
Buruhandi eta erraldoiena festetan herriari eskaintzen dion «keinua» dela uste du elkarteak, eta «gastu eta baliabide guztiak» Irungo Atsegiñak hartzen ditu bere gain. «Denboran zehar elkartean parte hartu duten pertsonek elkarrekin partekatutako konpromisoaren adierazle da, Irungo bizi kolektiboan parte hartzeko borondatearekin», esan dute.
San Pedro egunean San Juan plazatik Junkal plazatxora egingo dute ibilbidea udal musika bandak, udalbatzako kideek eta Irungo Atsegiñaren erraldoi eta buruhandiek. Meza nagusiaren ondotik Aurreskua dantzatuko dute udalbatzakoek. Ibilbidera itzulita, sortu berri diren zortzi buruhandiek lehen aldiz hartuko dute parte ekitaldi horretan. Lehen aldiz konpartsa osoa berrituta irtengo da, buruhandi eta erraldoi zahar zein berriekin. Zaharren agurra ere izango da. Dena den, tradizioak bilakaera izan du, eta duela ehun urte haiekin batera joaten ziren ezpata dantzariak ez dira haiekin batera egongo.
Irungo Atsegiñako kideak «harrotasunez» irtengo dira festetan kalera, haien esanetan hiriarekin partekatzen duten balioa aitortzeko eguna baita. Aurtengoa berezia izateko arrazoi gehiago ere badaude; Udal Musika Bandak Irungo Erraldoia 2025 saria jaso du aurten, eta buruhandi berrien amabitxi da. Familia handi batek girotuko ditu kaleak.