Etxeko animaliak jasotzeko eta zaintzeko kontratu berria lehiaketara atera du Udalak
Galdutako edo abandonatutako etxeko animaliak jaso eta zaintzeko kontratuak 664.153,56 euroko aurrekontua izango du, aurreko kontratuaren hirukoitza. Urtean batez bestean 174 animalia jaso dira azken hiru urteetan.

Maiatzeko osoko bilkuran ordenantza berri bat onartu zuen Udalak, animalien ongizatea eta jabeen betebehar eta eskubideak bermatuz. Orain, beste urrats bat eman eta galdutako edo abandonatutako etxeko animaliak jasotzeko eta zaintzeko zerbitzuaren kontratu berria lehiaketara atera du. 664.152,56 euroko aurrekontua du aurtengo kontratuak, iazkoaren ia hirukoitza, 279.099,86 euroko aurrekontua bideratu baitzen iaz.
Enpresa esleipendunaren instalazioetan animaliak zaintzeko helburua du zerbitzuak, elikadura eta albaitaritza zerbitzua ere enpresaren esku utziz, denbora mugarik gabe. Adopzioan eman arteko gainerako izapide guztiez ere enpresa arduratuko da.
Esleitutako enpresak emango du adopzioan har daitezkeen animalien berri bere bitarteko eta webgunearen bidez, eta interesdunei eta animaliak babestek elkarteei animaliak bisitatzen utziko die.
Batez bestean urtero 174 animalia jaso dira azken hiru urteetan. Izan ere, 2022an 163 animalia jaso ziren, 2023an 209, eta 2024an 149. “Horrek agerian uzten du zeinen beharrezkoa eta garrantzitsua den Udalak ematen duen zerbitzua, hiriko maskotak zaintzeko eta babesteko”.
Horregatik, bi zerbitzu nagusiko eskainiko ditu kontratazioak. Batetik, “etxeko animaliak kaletik jaso, txakurtegira eraman eta zaintzeko lanak, 15 egunez gehienez ere, eta jabeek tarifak ordaintzeko betebeharrarekin, animaliak jasotzean”. Bestetik, adopzioan emateko jasotako animaliak zaintzeko zerbitzua ere eskainiko du, “denbora mugarik gabe, norbaitek animalia adopzioan hartu arte”.