Alarde berdinzalearen alde egiteko eskatu die Podemosek EAJ eta PSE-EEri
EAJ eta PSE-EEk berdintasun ezaren aurrean "jarrera pasiboa" hartzea eta alarde baztertzailea sostengatzea salatu dute Podemoseko kideek. Udalak "neutraltasun" jarrerarekin bi alardeak parekatzea gaitzetsi dute.

Thania Pazos, Podemos Euskadiko Feminismo Idazkaria, eta Miren Etxebestek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, alarde berdinzalearen aldeko konpromiso argia exijitu diote Udal Gobernuari. Izan ere, “neutraltasunaren” izenean, EAJ eta PSE-EEk bi alardeak parekatzen dituela salatu dute, horrek “berdintasunik gabeko egoera betikotzen” baitu. Gainera, Gobernuak “denentzako alarde bat antolatzeari uko egiteaz” gain, bi alderdietako kide batzuek “alarde baztertzailearen aldeko diru bilketetan ere parte hartu” dutela jakinarazi dute, “festa pribatu eta baztertzaile bat finantzatzeko”.
Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legea betetzea saihesten duela iruditzen zaie Pazos eta Etxebesteri, aurreko alkatetzak jaiak pribatizatzeko erabakia hartu baitzuen, alarde berdinzalearen bermea herritarren esku utziz. Legea betetzen ez denetik 29 urte igaro direla oroitarazi dute, 29 urte “Irungo jaiek berdintasunean eta sexuagatiko bereizkeriarik ezan oinarritutako balioekin bat egiten ez dutela”.
Bateraezina iruditzen zaie “martxoaren 8 bakoitzean indarkeria matxistak eta sexuagatiko bereizkeria desagerrarazteko asmoa dutela esatea, eta gero jaietan diskriminazioa babesten duten ekitaldietan parte hartzea”. Podemoseko kideen ustez, emakumeen parte hartzea “bizitzako esparru guztietan” aldarrikatuz gero, ezin dute “gero Irungo eta Hondarribiko jai handietan patriarkatuaren aldeko jarrera hartu eta emakumeak baztertzen dituztenekin lerrokatu”.
Horregatik, EAJ eta PSE-EEri “jarrera birplanteatu” eta “180 graduko norabide aldaketa” egiteko eskatu die Podemosek. “Zatiketa” egoera gainditzeko “denontzako alarde publiko eta berdinzale bat antolatzeko” beharrezkoa dela iruditzen zaie.