Udal gobernua HAPOn "aldaketa batzuk egitera" mugatu dela uste du PSE-EEk
Ostegun honetan behin behinean onartzera eramango du udal gobernuak ondu berri duten HAPO dokumentua. Sozialistek abstentziora joko dute, "prozesua ez blokeatzeko".

Ostegun honetan behin behinean onartzera eramango du udal gobernuak ondu berri duten HAPO dokumentua. Hirigintza plan berri hori ez dute zerotik sortu; hori egitekotan zortzi urte inguru beharko lituzketelako. Beraz, 2023an EAJk alde bakarrez onartutako hasierako dokumentu batean oinarritu dira, eta haren gainean hainbat aldaketa egin dituzte. Sozialisten ustez udal gobernuak egin dituen aldaketa horiek ez dira nahikoak izan.
HAPOren ikuspegi orokorrarekin ados ez egon arren, PSE-EE alderdiak aurkeztutako alegazioak dokumentuan “osorik edo zati batean” jaso direla jakinarazi dute, eta horregatik, HAPO behin behinean onartzeko bozketan abstentziora joko dutela adierazi dute, “prozesua ez blokeatzeko”.
Sozialisten ustez Hirigintza planak honako oinarriak izan beharko lituzke oinarri: Alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza handitzea, gizarte kohesioa eta garapen jasangarria, birgaitzea, lurzoru berrien kontsumoa ahalik eta gehien murriztea, eta energia eraginkortasuna hiri espazioak diseinatzea.
Diotenez, horietako zenbait udal talde sozialistari esker lortu dira: Mendelu auzoko zaurgarritasun diagnostikoa onartu, Amute eta Frantziskotarren komentu zaharrari hotel erabilera kentzea, Basako eremua lurzoru urbanizagarri gisa desklasifikatzea, etxebizitzak zatitzeko baldintzak malgutzea, erabilera turistikoko etxebizitza berrietarako baldintzak gogortu, eta, PSE-EErentzat garrantzitsuena, babestutako etxebizitzen eskaintza handitu egingo da, “batez ere alokairuan”.