Jaietako kartela hautatzeko lehiaketa zabaldu dute
Kartelak uztailaren 4ra arte entregatu ahal izango dira. Aldi berean, argazki lehiaketa zabaldu dute ere.

Hondarribiko Jai Nagusietarako bi hilabete inguru geratzen den honetan, horiek iragartzeko kartelaren bila dabil udala. Hautaketa lehiaketa bidez egingo dute aurten ere eta lanak uztailaren 4ra arte entregatu ahal izango dira.
Kartel lehiaketan edozeinek har dezake parte. Teknika librea da, lanek originalak eta adimen artifizialik gabe sortutakoak izan behar dute. Neurriek, aldiz, 70x50zm-koak izan behar dute, bertikalean.
Irabazten duenak 650 euroko saria jasoko du. Bigarren sailkatuak 300 euroko saria eta hirugarrenak 200 eurokoa.
Argazki lehiaketa
Aldi berean, argazki lehiaketa zabaldu dute ere. Zuri-beltzeko edo koloretako argazkiak onartuko ditu udalak, eta noski, argitaratu edo saritu gabeko lau ale aurkez ditzake gehienez. Ezin da adimen artifiziala erabili. Argazkiek 20x30zm-ko neurria izan behar dute, eta markorik gabe aurkeztu behar dira.
Lehen hiru sailkatuek 500, 400 eta 300 euroko sariak jasoko dituzte. Lan guztiak Arma Plazako Interpretazio Zentroan ipiniko dituzte ikusgai Jai Nagusiak hasi baino lehen.