'Irun Ekintzan' Itunaren Kontseilu Nagusiak hiru neurri proposatu ditu
2025erako proposatutako neurriek "merkataritza dinamizatu eta modernizatu", "enpresen sorrera eta ekimen jasangarrien garapena sustatu", eta "talderik zaurgarrienak kualifikatzeko eta laneratzen laguntzeko jarduerak sustatzeko" helburua dute.

Hilaren 3an, Irun Ekintzan Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren Kontseilu Nagusia bildu zen Irun Commerce Laben, 2025eko bide orria finkatzeko helburuarekin. Bertan, hiru neurri nagusi proposatu zituzten. Lehen proposamena Merkataritza Mahaiaren esparruari dagokio. “Hiriko merkataritza dinamizatu eta modernizatzeko” jarduera ugari egingo dituzte Irun Commerce Lab gunean, besteak beste, “prestakuntza saioak eta pop-up eta erakustaretoak antolatzeko aukerak”.
Bigarren neurria Enpresa eta Ekintzailetza Mahaiaren esparruan kokatzen da. “Irunen berrikuntza, enpresen sorrera eta ekimen jasangarrien garapena sustatzeko” helburua duen Sendotzen programa aurkeztu zuten, Lantalde Industriala eta Bidasoa Zirkularra eta Jasangarria proiektuekin batera.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu zela iragarri zuten, Kualifikazio eta Laneratze Mahaiaren esparruari dagokionez. Elkar Ekin Lanean – Bidalan estrategiaren baitan sartzen da, eta “talderik zaurgarrienak kualifikatzeko eta laneratzen laguntzeko jarduerak sustatzeko” xedea du. Horretarako, “prestakuntza ibilbideak garatu eta laguntza pertsonalizatua emango” dute, Irungo La Salle, Mendibil Elkarte Pedagogikoa, Secretariago Gitano Fundazioa, Emaus Gizarte Fundazioa, Bidasoa LHII eta Bidasoa Bizirikekin batera.
Honen berri emateko prentsaurrekoa egin dute Cristina Labora alkate, Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkari, Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano eta Mar Romo La Salleko Etengabeko Prestakuntzarako eta Enplegurako Prestakuntzarako arduradunak. Proiektuaren helburua hala laburbildu du Laborda alkateak: “Irun bizitzeko eta lan egiteko moduko hiria izatea”.
Gainera, hilaren 3an proposatutako neurriak Via Irun proiektuan txertatuta daudela oroitarazi dute, eta “aukera paregabetzat” dute “hiriaren garapen ekonomikorako”, “enpresa berriak eta unibertsitateak erakarriko dituen gune bat eratuko baitute”.
Gaur gaurkoz, 1.512.769,33 euroko aurrekontua dago aurtengo proiektuak gauzatzeko, baina kopurua handitu daiteke Lanbide eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzamendua lortuz gero.