Abotsanitzek "herritarren parte hartzerik gabe" jokatzea gaitzetsi du EAJk
HAPOa herritarrekin erabaki ordez promotoreekin adosten ari direla salatu EAJk. Gainera, Abotsanitzek "eraldaketa" zin egin bazuen ere, "jada aurreikusita zeuden soluzioetatik harago ezer berria ez proposatzea" leporatu diete jeltzaleek.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) izapidetzerakoan Abotsanitzek “herritarren arteko elkarrizketari eta zuzentasun teknikoari uko egin” izana salatu du Hondarribiko EAJk. Izan ere, 2023an hasierako onarpena jaso zuen HAPOaren aurkako “alternatiba iraultzaile” moduan aurkeztu du Abotsanitzek plana, baina, jeltzaleen iritziz, “aurreko planaren jarraipen zuzen da”. Horregatik, bi galdera egin ditu EAJk: “EAJren gobernuak diseinatu eta bultzatutako HAPO dokumentua hain txarra bazen, Abotsanitzen ordezkariek behin eta berriz esan duten bezala, zergatik hartu dute oinarri eta beren proposamenaren justifikazio gisa? Eta Abotsanitzen aldaketak ez badira esanguratsuak, benetan zertan aldatu da hainbeste kritikatu zuten hirigintza eredua?”.
Herritarrak erabakietatik kanpo uztea deitoratu du EAJk. HAPOaren dokumentuak “urbaniza daitezkeen sektoreen ezabatzea, eraikigarritasunak beste gune batzuetara banatzea eta etxebizitzaren banaketa edo distribuzio berria jasotzen ditu”, beraz, “ez dira aldaketa txikiak”. Haatik, egiturazko antolamendua aldatzen duten funtsezko aldaketak sartzerakoan hasierako onespen berri bat egitea “nahitaezkoa” dela oroitarazi dute jeltzaleek, baita “informazioa jendaurrean jartzeko epe berri bat irekitzea” ere, “Abotsanitzek urrats hau saihestu duen” arren.
Horregatik, Udal Gobernuak herritarrak alde batera utzi eta garrantzia promotoreei eman diela iruditu zaio EAJri, Residencial Montañaenearekin izenpetutako hitzarmena adibidetzat hartuta. Hitzarmenak “konpromiso positiboak” jasotzen dituela aitortzen dute, baina, ez zaie egokia iruditu “erabaki horiek ikuspegi globalik gabe eta benetako parte hartze prozesutik kanpo hartzen ari direla”: “zergatik sinatzen da lehenengo promotore batekin HAPO bat behar bezala eztabaidatu eta kontsultatu aurretik? Zergatik interes hori eraikuntza enpresekin akordioak ixteko; auzo elkarte, gizarte kolektibo eta antolatutako herritarrekin lanketa baztertzen diren bitartean?”.
Gainera, Abotsanitzek etxebizitzaren alorrean duen “anbizio falta” deitoratu dute jeltzaleek. Udal Gobernuak behin eta berriz “etxebizitza larrialdi egoera” bizi dutela esan izan duen arren, EAJk zalantzan jartzen du: “non daude alarma hau justifikatzen duten azterlanak, txosten demografikoak, datu ekonomikoak?”. Etxebizitza gaia konplexua izanik, “erabilera populista” egiten ari direla salatu dute, “jada aurreikusita zeuden soluzioetatik harago ezer berria proposatu gabe”.
Abotsanitzek “180 graudko bira” zin egin zuen arren, HAPO berriak jasotako etxebizitza kopuru globala 1.500ekoa da, horietatik 900 bat babes publikokoak, “aurrez onartutako planak aurreikusten zuen kopuruarekin alderatuta ia berdina”, beraz. Aurreko planaren “ia zenbakia berdinak” dira, baina, “bi urte galdu dituzte kritika eta deskalifikazio antzuekin”. Hala ere, harago joateko prest dago EAJ: “prest gaude formula berritzaileak eztabaidatzeko, garapen anbiziotsuagoak aztertzeko”. Norabide horretan, EAJ eta PSEk “etxebizitza eraikitzea errazteko, lurzorua desblokeatzeko eta hirigintzako izapideak arintzeko lege proposamen bat erregistratu dutela Eusko Legebiltzarrean” gogoratu dute.
Beraz, EAJk hala definitu du Abotsanitzek proposaturiko HAPOa: “ez da asmo handikoa, ez koherentea, ez juridikoki segurua”. Jeltzaleen iritziz, Abotsanitzen “kontraesan politikoaren sinbolorik handiena da: urteetan zehar eredu bat kritikatzea, presaka, parte hartzerik gabe eta interes pribatuei lagapenak eginez aplikatzen amaitzeko”. Udal Gobernuaren ereduaren aurrean, “propaganda lokalistak” utzi eta “herri ikuspegiarekin” jokatzearen aldeko hautua berresten du EAJk