Mendibil ardotegia zoriondu du Udalak
Barneko Merkataritzako 2024ko Sari Nazionaletan saltoki txikien modalitateko Ohorezko Aipamena irabazi du Mendibil ardotegiak, eta Udal ordezkariak zoriontzera hurbildu dira.

Barne Merkataritzako 2024ko Sari Nazionaletan saltoki txikien modalitateko Ohorezko Aipamena irabazi du Mendibil ardotegiak. Horregatik, Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga alkateordea zoriontzera hurbildu ziren dendara asteartean, hilaren 10ean.
Irun erdialdean dago denda, eta 131 urteko ibilbidea du dagoeneko. Gaur egun, 2.500 produktutik gora saltzen dituzte; eta, Irungo Udalak jakinarazi duenez, “Euskadiko ardo eta destilatuen dendarik handiena da eta, seguruenik, hiriko negoziorik zaharrena”. Martin Gaztelumendik 1894an “ardo eta pattar saltegia” zabaldu zuenetik, belaunaldiz belaunaldi lekukoa pasa diote elkarri familian, eta gaur egun laugarren belaunaldiak du denda.
Iñaki Solbesek Miguel Salasekin bat egin eta Casa Gaztelumendi zena Mendibil ardotegia bilakatu zuen: “ikuspegi globaleko tokiko saltokia”. Lantalde espezializatu batekin funtzionatzen dute, eta “ardo berezi eta esklusiboak saltzen dituzte, munduaren luze-zabaleko 70 jatorri-deitura baino gehiagokoak: Espainiakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak, Italiakoak, Portugalekoak, Hego Afrikakoak, Txilekoak, baita Argentinakoak ere”.
Udal ordezkarien hitzetan, “Estatuko saltoki txiki batek irabaz dezakeen saririk garrantzitsuenetarikoa da”. Gainera, Laborda pozik agertu da lehen aldia baita sari hau Donostia ez den Gipuzkoako udalerri batera iristen dena, eta horrek “Irun zuzenean jartzen baitu mapan”.