EAJri "interes orokorraren aurka jotzea" leporatu dio Abotsanitzek
EAJk herritarren aurkako interesak babesten dituela salatu du Abotsanitzek, izan osasunaren gaian, etxebizitza publikoarenean, edo Mendelurenean. Horren aurrean, "zintzotasun osoz" lanean hasteko deia egin diete jeltzaleei.

Maiatzaren 29an izan zuten Hondarribiko azken udalbatza, eta “zur eta lur” atera ziren Abotsanitzeko kideak EAJren “jarrera ulergaitzagatik”. Azken hilabeteetako jeltzaleen estrategia “zentzugabea, norabide finkorik gabea eta desesperazioak mugitutakoa” iruditzen zaie, Udal gobernua higatzeko eta zikintzeko asmoz “edozein ataka baliatzen duena”.
Azken udalbatzako bi gairekiko jarrerak piztu du haserrea Abotsanitzengan. Lehenengoa, osasunari buruzko mozioa. Herritar multzo batek eta Osasun Bidasoak mozio bana aurkeztu zuten, eta “EAJk ez zuen eskualdean ematen ari den osasun zerbitzu publikoen defentsa babestu”, eta “are larriagoa” bilakatzen da “Bidasoa azken hilabeteetan pairatzen ari den zerbitzu publiko horien diskriminazio eta murrizketak” kontuan hartuz gero.
Bigarrena, etxebizitza publikoari buruzko sustapen neurriak. Montañaenea eta Madalenako Kuboko etxebizitza publikoen proiektuen aurkako bozka eman zuen EAJk, eta “ezin sinetsian” dago Abotsanitz. “Azken hamarkadetan, ehundaka gazte eta ez hain gaztek herritik joan behar izan dute, jeltzaleek sustatu duten etxebizitza politiken ondorio”. Etxebizitzarekin Hondarribiak bizi duen “larrialdiarekiko” konponbiderako jarrera hartu ordez, “pribatua eta bigarren etxebizitzak lehenestea” leporatzen diete: “ez dugu historian kasurik ezagutzen, etxebizitza publikoak eraikitzearen kontra jo duen alderdirik”.
Baina, maiatzeko udalbatzaz gain, martxokoak ere eman zuen zer esan. Izan ere, EAJk Mendelu biziberritzeko zerbitzuaren aurka bozkatu zuen, “bizilagunak ahanzturan utzita”. Haatik, Mendeluko proiektua EAJk gobernatzen dituen goragoko instituzioekin batera ari da adosten Udala, besteak beste, Eusko Jaurlaritza; baina, herriko EAJren taldea aurka agertu da. Egoera “kafkianoa”, Abotsanitzen hitzetan.
“Herriarentzat onena den emaitza bilatu ordez”, Udal Gobernua “zikindu” eta “interes orokorraren aurka jotzearekin” tematuta daudela iruditzen zaio Abotsanitzi, nahiz eta bitartean “ikusten ez den” lan egiteko prestutasuna adierazten duten jeltzaleek.
Hala, “zintzotasun osoz”, Abotsanitzek EAJri “behingoz lanean hasteko” deia luzatu dio. “Non dago 2024ko urtarrilean anuntziaturiko 400 aparkaleku eskuratzeko proposamenaren nondik-norakoak? Non dago merkataritzari bultzada emango zion eta inoiz publiko egin ez duten propopsamen hura? Momentuz, proposamenik, ekarpenik, edota iradokizunik ez baitute erregistratu udalean…” Oposizio “eraikitzailea” lortzeko, “hitzetatik ekintzetara” igarotzeko eskatu diete.