Poliziaren presentzia areagotu egingo da Irungo jaietan
Sanmartzialetarako segurtasun eta bizikidetzarako plan eta estrategia espezifikoa aurkeztu dute gaur udalean eta Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean arituko dira. Indarkeria matxista prebenitzeko eta erasoen aurrean dauden baliabideak zein diren oroitarazi dute. Eskuin muturrak bultzatutako 'auzo brigadei' ez diote garrantzirik eman nahi izan.

Irungo San Pedro eta San Martzial jaiei begira udalak, segurtasun indarrekin batera, hirian segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko ondutako plan eta estrategia espezifikoaren berri eman dute gaur udaletxeko areto nagusian. Hiriko, udaleko eta segurtasun indarretako hainbat ordezkari izan dira bertan: Cristina Laborda alkatea, Nuria Alzaga alkateordea, Iñigo Berges Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzeko ordezkaria, Juanjo Aizpiolea Udaltzaingoaren burua, Andoni Urdangarin Ertzain burua, ostalaritzako eta merkataritzako ordezkariak, eta auzo elkarteen ordezkariak. Indarkeria matxista prebenitzeko segurtasun neurrien berri beste prentsaurreko batean eman zuten, eta gaurkoan ez dira presente egon hiriko mugimendu eta elkarte feministetako kideak.
Alkateak hartu lehen hitza, eta azaldu du indarkeria matxistarik gabeko jaiak eta etxera itzulera “seguruak” nahi dituela, eta horretarako zein baliabide dauden eskura oroitarazi du: “Autobusaren Gautxori zerbitzua dago, eskaeren araberako geldialdiak eginez; Euskotren eta Lurraldebus zerbitzuak indartuko dira; eta puntu moreak eta telefono moreak martxan egongo dira jaiek iraun bitartean”. Ertzaintzak jakinarazi du kalez jantzitako polizia ere etxera buelta seguruak kontrolatzen arituko dela.
Jaiei begirako segurtasun plana
Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia handitu egingo da, eta patruila gehiago ibiliko dira hirian zehar, elkar koordinatuta. Iñigo Berges Segurtasun ordezkariak azaldu du berriki onartu den asteburuetako gaueko aisialdiari begirako planean “nabari direla” bi polizien arteko koordinazioaren “emaitza oso onak”. Gauetako segurtasun pertzepzioa aipatu du emaitza oso onen eredu gisa, eta jaietan plan horri eutsiko diotela zehaztu du. Gogorarazi beharra dago Irungo Udalak aste honetan abiatu duela irundarren segurtasun pertzepzioa neurtzeko kale inkesta, telefono bidezko inkesta kanpaina da.
Bestalde, beste urteetan bezala, Udaltzaingoan krisi areto bat izango da, eta bertan poliziak elkar koordinatuko dira. Haiek ez ezik, Osakidetza eta suhiltzaileak ere koordinatuko dira areto horren bitartez. Egunero informazioa partekatzeko bilkurak egingo dituzte, besteak beste. Bergesek Babes Zibileko boluntarioen lana nabarmendu nahi izan du, eta esan du babes “oso garrantzitsua” dela haiena, eta Udaltzaingoari asko laguntzen diotela. Ostalariekin hilabeteak daramatela lanean adierazi du Andoni Urdangarin Ertzain buruak.
Azkenik, Urdangarin ertzainak honako mezu hau zabaldu: “Bertakoak diren edo kanpotik etorri ahal diren gaizkileei esan nahi diet oso koordinazio ona dugula Irungo polizien artean, eta barruti judiziala luxu bat dela, baita epaitegiak eta fiskaltza ere. Mezu argi bat zabaldu nahi dut: Irunen delinkuentziak ez du konpentsatzen, eta ez zaitezte Irunera etorri”.
Auzo brigadak
Sare sozialetan Lo vi en Irun deituriko komunitate bat sortu dute, eskuin muturrak bultzatutakoa eta VOXek babestutakoa. Bertan ia 700 pertsona daude, komunitateko taldeetako bat asteburuetako gauetako “auzo brigadak” antolatzeko baliatzen ari dira, eta astero 30 pertsonaren bueltan elkartzen dira. Taldearen definizioan “Irungo apolitikoak” direla azaldu dute.
Antxeta irratiak GKS antolakundea elkarrizketatu du gai horren inguruan, eta haiek adierazi dute argi dagoela “frustrazioari norabide erreakzionario bat eman nahi izan dioten goi burgesiak bultzatutako talde antolatuak daudela, sare sozialetan oso mezu matxista, homofobo eta transfobo esplizituak bideratzen dituztenak, iritzi sortzaileak dira”.
Patruila horiei buruz gaurko prentsaurrekoan galdetuta, Ertzaintzak ez diela garrantzirik ematen erantzun du. “Zer edo zer ikusten badute badakite zer egin behar duten. Hori esaten dute, ezta? Ertzaintzari edo Udaltzaingoari deituko diote ikusten baldin badute horrelako zerbait”, azaldu du Urdangarin Ertzain buruak.
Patruila horiek begien bistako jardunak ez duela inolako arazo penalik, ezta administratiborik ere, nabarmendu du ertzainak. “Ez diogu garrantzirik ematen”, berretsi du. Aldiz, brigadak zaintza helburutik urrunduko balitz, “ikusiko” dutela zer gertatzen den adierazi du. Izan ere, taldean piperbeltz sprayak erabiltzeko deia luzatu dute. Udal gobernuak ez du inolako baloraziorik egin.