Segurtasunaren bueltako herritarren pertzepzioa neurtuko du udalak
Hilaren 9tik aurrera (astelehena) telefono deiak eta kale inkestak egingo dituzte irundarren segurtasunaren eta bizikidetzaren pertzepzioa neurtzeko.

Hilaren 9an (astelehena) herritarren segurtasuna eta bizikidetza nola hautematen duten jakiteko kanpaina bat jarriko du martxan Irungo Udalak. Telefono deien bitartez eta herritarrei kalean galderak eginez neurtuko dute Ikertalde aholkularitza taldeko kideek. Hainbat astez arituko dira.
Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Plan Estrategikoaren barruan kokatu du udalak kanpaina hau. Helburua, herritarrek zein iritzi eta bizipen dituzten jakitea da hainbat gairen bueltan, hala nola, segurtasuna, Udaltzaingoaren lana, auzotarren arteko bizikidetza, komunitateko harremanak eta bestelako gai batzuk.
Kanpaina honetatik ateratako informazioa politika publikoak bideratzeko eta hobetzeko baliatuko dute eta norabidea Irun “seguruago” eta “kohesionatuago bat” lortzea izango du.