Udalak eta Residencial Montañenea sustatzaileak hitzarmena sinatu dute
Hirigintza alorrean Hondarribira datorren "aldaketa sakon" baten lehen urratsa izan dela adierazi du udalak. Ondo bidean Montañeneako lanak 2026 urtea amaitu baino lehen hasiko lirateke.

Atzo arratsaldean sinatu zuten Hondarribiko Udalak eta Residencial Montañenea sustatzaileak Montañenea eremuan 84 etxebizitza inguru eraikitzea ahalbidetuko duen hitzarmena.
Udalak HAPO berria aurkezteko egindako aurkezpenean adierazi bezala, eremu horretan hiru etxebizitzetatik bat (25 eta 32 arteanbatazbesteko tamainaren arabera) babes sozialeko alokairurako etxebizitzak izango dira eta udalari amaituta entregatuko zaizkio. Udalak aurreratu duenez etxebizitza horiek Hondarribiko herritarrentzat izango dira. Bestalde, %33a 2018an etxebizitzak erreserbatu zituztenei zuzenduko zaie, eta udalari esker, promotoreak orduko hartan adostutako prezioak errespetatuko ditu. Gainontzeko %33a librea izango da.
Hirigintza alorrean Hondarribira datorren “aldaketa sakon” baten lehen urratsa izan dela adierazi zuen Igor Enparan alkateak, udal gobernuaren helburua Hondarribiarrek bertan bizi proiektuak garatzeko aukera izatea bermatzea baita. Eta lehen urrats horri segida emanez, datorren ostegunean eramango dute bozkatzera HAPO dokumentu berria.
Dokumentu horretan udalak etxebizitzak eraikitzeko moduan ezarri du fokua. Horregatik, baldintza gisa ezarri dute babes ofizialeko etxebizitzak eta libreak aldi berean eraiki behar direla. Sinistuta baitaude erabaki horrek, “oreka” bermatuko duela, etxebizitza babestua atzeratzea ekidingo duelako.
Jarduketa eredua
Udalak orain arte diru konpentsazioa jasotzen zuen etxebizitzak eraikitzen ziren aldiro, udal gobernu berriaren filosofia aldaketari jarraiki, aurrerantzean etxebizitza eraikiak jasoko ditu udalak. Montañeneako etxebizitzengatik 5,1 milioi eurotako balioa duen babes sozialeko etxebizitzetarako eraikin amaitua jasoko du. Horrek aukera emango dio udalari etxebizitza sozialaren alokairua zuzenean kudeatzeko. Kudeaketa hori sortzea aurreikusita duten Etxebizitza sailaren bitartez egingo dute.
Etxebizitza sailaren helburua hondarribiarren benetako beharrizanei erantzutea izango da, “batez ere gazteei, familia kargak dituzten emakumeei eta egoera zaurgarrian dauden adinekoei” zehaztu du alkateak.
Erakuntza prozesua “zorrotz” jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak. Horretarako jarraipen batzorde bat eratuko dute udaleko eta enpresa sustatzaileko ordezkariz osatua. Batzorde horretan hitzarmena betetzen ari dela ziurtatuko dute.
Bi aldeak asebeteta
Gorka Aranegi Montañeneako sustatzailea horretarako prest agertu da, eta ziurtatu du, “negoziazio konplexu baten ondoren”, bi aldeak asebetetzen dituen hitzarmena sinatu dutela. Aurkezpena, gainera, 2018 urteaz geroztik proiektu horren aldeko apustua egin duten familiei eskerrak emateko baliatu zuen Aranegik. Eta aldi berean udalari ere eskerrak eman zizkion “alde guztientzako akordio ona lortzeko izan duen prestutasunagatik; izan ere sustatzaileok etxebizitza arazoari irtenbide berriak ematen laguntzera bultzatzen gaitu”.
Igor Enparan alkateak, azkenik, eskerrak eman dizkio enpresa sustatzaileari “erakutsi duen jarreragatik”, eta azken bi urteetan egindako lanaren emaitza dela adierazi du. “Bi urte daramatzagu lanean amesten dugun Hondarribia hobeago bat egiten, hondarribiar guztiok hobeto bizi gaitezen. Horragatik, hirigintza alorrean oso pragmatikoak izango gara. Bizitzeko Hondarribia nahi dugu eta horrez gainera Hondarribia bizia nahi dugu”.
Udalaren aurreikuspenak beteko balira, Montañeneako lanak 2026 urtea amaitu baino lehen hasiko lirateke.