Aireportuko bidaiari kopuruak behera egin du beste behin
Iazko maiatzean baino %3,2 bidaiari gutxiago izan ditu aurten aireportuak, 45.940, hain justu. Operazioek, ordea, %18,1z egin dute gora.

Hondarribian kokatzen den Donostiako aireportuaren maiatzeko datuak helarazi ditu AENAk, eta apirileko joera bera ondorioztatu dute: 2024an baino bidaiari gutxiago egon dira. 45.940 bidaiari izan du aireportuak, 2024ko maiatzean baino %3,2 gutxiago. Lurreratze eta aireratzeek, ordea, gora egin dute. 679 operazio izan dira aurreko hilabetean, iazko maiatzean baino %18,1 gehiago.
Urteko datu metatuak begiratuz gero, 2.332 operazio izan ditu aireportuak urtarriletik maiatzera arte, iaz baino %5,7 gehiago. Bidaiari kopuruak, aldiz, behera egin du, 179.006 bidaiari izan baititu, iaz baino %2,2 gutxiago.