Paralelo 0 ez ipar ez hego jaialdia, Txingudiko musika zaleak batzeko
Lakaxita, Psilocybe eta Borderline elkartu dira eta mugaz gaindiko musika jaialdia ondu dute. Uztailaren 4an eta 5ean izango da.

Egilea: Iñigo Pastrana
Hondarribiko Psilocybe elkarteak, Hendaiako Borderline Fabrikak eta Irungo Lakaxita Gaztetxeak bat egin dute eta bi egun iraungo dituen musikaz beteriko jaialdia antolatu dute: Paralelo 0 ez ipar ez hego. Uztailaren 4an eta 5ean egingo da hiru hirietan eta herri bakoitzeko publikoa elkartzeko helburua bete nahi du.
Musika izango da jaialdiaren identitatea eta Ipar eta Hego Euskal Herriko musika taldeak igoko dira hiru oholtzetara. Bidasoko artistak ere bertan izango dira. Antolatzaileek azaldu dute musika taldeak gonbidatzeko irizpidea, “euskarazko, mugaz gaindiko eta emakumeek gidatutako proiektuen presentzia” izan dela.
Zazpi proposamen musikal eta cd bermut trukaketa bat dira kartela osatzen dutenak. Bertaratu nahi duenak 20 euroan eros dezake bi egunetako bonua Internet bidez edota Irungo Bloody Mary disko dendara gerturatuta. Egun bakarreko sarrera nahi duenak, tokian bertan erosi beharko du 10 edo 8 euroan.
Uztailaren 4ko kontzertu guztiak Hondarribiko Psilocybenea aretoan izango dira, eta uztailaren 5ekoak, berriz, Hendaiako Borderlinen eta Irungo Lakaxita gaztetxean. Hondarribikoa iluntzean izango da, eta hurrengo egunekoa goizetik ordu txikira artekoa.
Hendaiako Borderlinen CD bermuta antolatu dute eta nahi duenak bere diskoak eraman ahal ditu trukerako. Geroago, 18:00etan, kontzertuak hasiko dira Hendaian eta horiek bukatzerakoan, oinbusa antolatu dute denak batera joateko Irungo gaztetxera.
Egitaraua
Uztailak 4, Psilocybenea aretoa (Hondarribia), 20:30ean
- Saguxar (Irun)
- Fusible (Ziburu)
- Silitia (Bilbo)
Uztailak 5, Borderline fabrika (Hendaia)
- 11:30-13:30: CD bermuta. Disko bildumen trukaketa eta pintxatzea.
- 18:00etan: Eneritz Furyak (Irun) eta Gailu (Andoain)
- 20:30ak aldera, oinbusa Lakaxitara.
Uztailak 5, Lakaxita gaztetxea (Irun), 22:00etan
- Gauak (Baiona)
- Gori gori (Errenteria)
- DJak