«Fonetika nire musikan nahiko garrantzitsua da»
Kobazuloan bizi ohi dira saguzarrak, eta horien antzera aritu da bere lehen lana sortzen bere etxeko koban Saguxar musikari eta ekoizle irundarra. Autoekoitzi egin du, eta dream pop edo shoegaze generoetara gerturatu da.

Urrian publikatu zuen Sei mila urte bere lehen lana Saguxar artista irundarrak. Hasieratik bukaerara bere kabuz ondu duen lana da, sekretuan. Ordutik, dena ziztu bizian joan da, dagoeneko bost kontzertu eskaini baititu. Datorren astean Euskal Herritik kanpo joko du.
Sei mila urte zure lehen lana argitaratu duzu. Diskoa edo EPa al da?
Galdera ona. Nire buruan, lana atera baino lehen, EP bat zela uste nuen. Gero, bilatu egin nuen lan bat ea noiz den EP bat eta noiz den disko bat, baina hutsune legal moduko bat topatu nuen. EP bat omen da sei abesti baino gutxiago dituen lan bat, baina 30 minutu baino gutxiago izan behar ditu ere bai. Nire diskoak zortzi abesti ditu, eta 20 minutu irauten ditu. Ez dakit zer den. Plataformetara igo nuen eta batzuk esaten dute album bat dela, eta beste batzuek EP bat dela. Niretzat EP bat da, oso lan laburra delako eta aurkezpen bezala egin dudalako.
Aurkezpen gisa bizi duzu lan hau, baina, zein izan da zure musika ibilbidea disko honen aurretik?
Proiektu hau nire lehenengo proiektu serioa da, baina lehendik kantu batzuk egin eta plataformetara igo nituen. Horiek ez zituen inork entzun. Beraien artean nahiko ezberdinak ziren gauzak ziren, genero ezberdinak egiten saiatu nintzen. Niretzat ibilbide luze bat izan da hasi naizenetik musika ekoizten, eta nire soinu propio eta osoa aurkitu dudan arte. Lehendik igotako kanta horietako asko ezabatu egin nituen, eta beste batzuk utzi egin ditut oroitzapen bezala, nahiz eta orain ez dudan sentitzen nire soinua denik. Baina beno, nire izaeraren eta nire historiaren parte dira. Egia esan, pandemia garaian hasi nintzen batez ere nire ordenagailuan musikan saltseatzen, ea nola erabiltzen den programa, melodiak egiten… Gehienbat nire logelaren intimitatean gertatu den prozesu bat da orain artekoa.
Intimitatea aipatu duzula, intimitatea zure lanaren parte da?
Bai, niretzat lan oso intimo bat da. Beno, suposatzen dut artista askorentzat horrela dela, baina bai. Egun hauetan egon naiz pentsatzen diskoa grabatzen ari nintzenean ez niola inori esan diskoa egiten ari nintzela. Bakarrik azala egin behar zuen Marta Carmonari esan nion, baina beraz gain inork ez zekien ezer. Ez nion inori ezer esan, eta ez nion inori ezer erakutsi. Ez dakit zergatik.
Disko honen behin betiko azalaren bertsioa 2023ko urrian jaso nuen, hau da, Martari [Carmonari] duela urte eta piko esan nion disko bat egin nahi nuela. Abesti baten zatitxo bat erakutsi nion, baina oraindik gauza oso minimoak nituen. Abesti asko ez nituen eginak ordurako. Gero, guztiz abandonatu nuen diskoa eta pasa den udan berriz ere inspiratu nintzen, eta helburu bezala jarri nuen diskoa bukatzea. Erabaki nuen bukatu arte ez nuela erakutsiko. Oso serio hartu nuen lana bukatzearena, eta orduan erakutsiko nuela; lana osoa zenean. Niretzat asmo hori motibazioa izan da lan egiteko, niri asko kostatzen zaidalako gauzak bukatzea. Abestiak hastea oso erraza da, bukatzea, ez. Buelta asko ematen dizkiot soinu guztiei. Behin eta berriro aztertzen ditut soinu guztiak, gauzak aldatzen ditu uneoro, eta behin betiko bertsioa izan arte buelta asko ematen dizkiot. Lan asko da. Intimitatean lan egitea niretzat errazena izan zen. Pertsona isilkorra naiz. Lotsatia ere banaiz, eta denbora askoz bakarrik egotea gustatzen zait. Batzuetan lan egiteko edo gauzak sortzeko bakardade hori eskertzen dut.
Sei mila urte izena du diskoak eta euskaraz abesten duzu. Euskaraz abestea hautu bat izan da?
Abesti guztietan egiten dudan lehen gauza alde instrumentala sortzea da. Orain arte, konposatzerakoan ez nuen ahotsa buruan, beti hasi izan naiz oinarri bat egitetik instrumentu bat jotzen, eta gero instrumentu hori beste instrumentu batekin elkartu izan dut. Askotan abesti osoa sortuta daukat, baina ez dakit zer abestu, zer esan, edo zein melodia egin ahotsarekin. Horrekin buruhauste asko izan nituen, gauza asko probatu nituen, ez nekien zer esan. Saiatu nintzen hainbat letrarekin bai gaztelaniaz eta bai euskaraz; gaztelaniaz idatzi nuena ez zitzaidan batere gustatu. Nire ahotsa eta hitzak ez nituen ondo ikusten oinarrian kokatuta, eta saiatu nintzenean euskaraz abesten, orduan, bai. Konturatu nintzen askoz ere politago geratzen zela.
Letrak egiten ditudanean kontua ez da bakarrik gauzak esan nahi ditudala, soinu konkretu bat sortu nahi izaten dut. Fonetikak eta horrelakoak nire musikan nahiko garrantzitsuak dira niretzat. Letra bat egiten dudanean ez dakit zer esan nahi dudan, baina badakit zein bokal edo kontsonante nahi ditudan. Abestietan sartzen ditudan soinuen barruan ere letrak soinu bezala kontatzen du, eta fonetikak influentzia handia dauka. Euskaraz sortu ditudan letrak oso ondo nahasten dira egin dudan musikarekin. Askoz erosoago sentitzen naiz ere euskaraz abesten.
Zeintzuk izan dira zure musika influentziak?
Oso zaila da niretzat nire influentziak murriztea eta zerrenda bat egitea. Musika asko entzuten dut, mota askotako musika, eta azkenean genero asko eta erreferentzia asko nahasten ditut. Agian nabarmenduko nuke azken aldian gitarrek eta sintetizadoreek influentzia handia dutela nigan. Hasi nintzenean diskoko abesti batzuk sortzen, asko entzuten nituen dream pop edo shoegaze generoak. Bi genero hauek berdinak dira batzuetan, eta beste batzuetan ez. Talde asko entzuten ditut genero horietan dabiltzanak, adibidez, Slowdive, Beach House edo Thompson Twins. Gitarrak efektu asko dituen taldeak dira eta erreberberazio asko daukatenak. Ahotsa ez da ondo entzuten, edo ez dakizu oso ongi zer esaten ari diren. Dena nahastuta modu heteroan. Horrelako musika asko entzuten ibili nintzen, momentu horretan gitarrarentzako ere pedal asko erosi nituen, eta gitarrarekin saltseatzen aritu nintzen.
Diskoa bukatzen ari nintzenean atzean utzi nuen hori guztia, eta influentzia elektroniko handiagoa izan nuen. Adibidez, niri asko gustatzen zaidan artista bat, eta orain diskoa atera duena, Oklou da. Elektronika esperimentalaren munduko artista asko entzuten ditut ere bai. Arca eta Nicolas Jaar ere gustatzen zaizkit, eta musikariak izateaz gain ekoizleak ere badira. Asko entzuten dut musika minimalista, soinutxoak, testurak… Soinutxo kuriosoak sartzea gustatzen zait.
Azken urte honetan obsesionatuta egon naiz musika klasikoarekin. Asko entzun dut. Kontzertu askotara joan naiz eta musika klasikoaren inguruan asko ikasi dut. Irungo kontserbatorioan ikasketak egin nituen, baina utzi egin nuen eta ahaztuta nuen bertako dena. Baina musika klasikoarekiko kuriositatea berriz ere piztu zitzaidan, eta horrelako musika asko-asko entzun dut. Horrek ere influentzia asko izan du nire konposatzeko moduan, eta jakintza pixka bat ere eman dit instrumentu eta soinu motei buruz. Melodia eta armonia teknika batzuk ere eman dizkit musika klasikoak, eta nire diskoan sartu dut hori.
Diskoa zure kabuz ekoiztu duzu etxean. Noiz hasi zinen ekoizle izateko zereginarekin?
Arraroa egiten zait ekoizle moduan hitz egitea. Esan nahi dut, berez ekoizlea naiz, bai; nire musika nik ekoiztu dut. Duela sei urte jaitsi nuen ordenagailura ekoizteko programa bat. Ableton programa erabiltzen dut, baina nire lehenengo saiakerak Garaje Band-en egin nituen. Programa hau ez da hain profesionala, errazagoa da, baina disko oso onak egin dira Garaje Band-en. Adibidez, Grimes taldearen Visions diskoa. Baina mugak dituen programa da, eta Garaje Band-ekin egin nituen lehenengo kantak oso kutreak dira. Hasieran horrekin egin nituen abestiak eta entzuten nituenean nire buruari esaten nion ez zirudiela profesionala. Nabaritzen zen nire logelan grabatu nuela. Oso kutrea. Gero Ableton erabiltzen hasi nintzen, eta orduko hasiera horretan dena nahiko kutrea bazen ere, ikasten joan naiz: tutorialak ikusten, gauzak Interneten bilatzen, gauzak probatzen… Urteekin moldatzen joan naizela esango nuke, eta uste dut lortu dudala soinu interesgarri bat ateratzea horretatik. Sei mila urte entzuten duzunean ez da nabaritzen etxean egin nuela. Jende askok esan dit oso ondo dagoela eginda etxean grabatuta egoteko. Urte hauetan asko ikasi dut eta horrek boterea ematen dit nahi dudana egiteko, nahi dudanean.
Beste artista baten lana ekoiztea gustatuko litzaizuke?
Bai. Nik uste niri gehien gustatzen zaidana sortzea dela. Abestea eta jotzea ere gustatzen zait, justu orain hasi naiz horretan eta berria da niretzat, baina oso pozik nago. Baina musika sortzen eta ekoizten asko gozatzen dut; musika pentsatzea, musika konposatzea, eta ditudan baliabideak erabiltzea abestiak sortzeko. Batzuetan okurritzen zaizkit gauza batzuk edo saiatzen naiz gauza batzuk egiten, soinu batzuk sortzen ditut, eta pentsatzen dut «jo, hau oso guai dago, baina ez da nire proiekturako». Orduan besteen proiektuetan pentsatzen dut. Gustatuko litzaidake beste artistekin probatzea.
Zurekin identifikatuta sentitu den artista bati, zein gomendio emango zenioke?
Saiatzea eta bere lana defendatzea. Musika sortu baduzu, eta zuri gustatzen bazaizu, segur aski jendeari ere gustatuko zaiola. Saiatu behar zara, eta horrela lortzen da jendearengana iristea. Hori da zailena. Musika egiten dugu, baina garai honetan zaila da jendeak arretaz entzutea eta norberak egindako musika topatzea, baina uste dut artistek lotsarik gabe musika zabaltzen saiatu behar duela. Musika oso gauza berezia da, eta beti dago ondo. Beti dago ondo musika sortzea, eta egindako musika hori munduari erakustea. Lotsarik eta beldurrik gabe musika sortu behar da, eta zabaldu.