Udal Gobernuari "aldebakarrez" lan egitea leporatu dio PSE-EEk
Agintaldi erdiko balorazioa egin du Hondarribiko PSE-EEk, eta Abotsanitzen gobernuari kritika egin diote "gardentasun falta eta adostasunak lortzeko borondate ezagatik".

2023ko udal hauteskundeetatik bi urtera, Hondarribiko Udal Gobernuak egindako ibilbidearen balorazioa egin du PSE-EEk. Abotsanitzen gobernuari “burbuila batean jardutea” leporatu diote, “gardentasun faltagatik eta adostasunak lortzeko borondaterik” ez baitute izan. “Hondarribiko herritar askoren proposamenei entzungor” egitea ere salatu dute sozialistek. Hainbat arlotan hartutako erabakiak gaitzetsi dituzte, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO), aurrekontu, kreditu aldaketa, etxebizitza edota gizarte zerbitzuei buruzkoak, hain justu.
Izan ere, Udal Gobernuak bere aldetik soilik lan egin duela iruditu zaio PSE-EEri, besteak beste, “HAPO berriari buruzko eztabaidan izandako elkarrizketa ezagatik”, edo “Abotsanitzek Montañaeneako hitzarmenak eta Madalena kuboa sinatzean egindako aldebakarreko prozeduraren kasuagatik”, zeinetan ez diren “etxebizitza publikoaren parametroak errespetatu”. Aurrekontuei dagokionez, joera berdina nabaritu dute sozialistek, Abotsanitzek “ez baitzuen proposamena aurkeztu, ez garaiz, ez behar bezala”. Gainera, Udal Talde Sozialistak kreditu aldaketetarako 2,3 milioi euroko zuzenketa aurkeztu arren, Gobernuak entzungor egin eta “baliogabetuta” utzi izana salatu dute.
Etxebizitzaren arloan ere badago zer esan: Udal Gobernuak oraindik tentsiopeko eremu izendapena ez eskatu izana deitoratzen dute, “nahiz eta PSE-EEk dagoeneko eskatu”. “Gehien kezkatzen” dituen gaietako bat etxebizitza dela azpimarratu dute, eta alor honetan egindako proposamena gogora ekarri nahi izan dute: “Tudelenea-Etxenikenean hiri eremu atsegin bat finkatzea, 670 etxebizitzarekin, bai alokairuan, bai tasatua, non %50 alokairuan izan diren” . Era berean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak presazko alokairuko 66 etxebizitza sozialak eraiki izana “balioan” jarri nahi dute.
Udal Talde Sozialistak, ordea, proposamenak egiten jarraitu du, adibidez “mareek eragiten dituzten uholdeei eta kalteei aurre egiteko” ekintza plana eskatuz, baina Udal Gobernuak ez erantzunik ez diela eman salatu dute. Halaber, gizarte zerbitzuak kezka izanik, “gizarte arretara bideratutako baliabide eta instalazioen hobekuntza azpimarratu” dute. Memoria demokratikoaren esparruan egindako lana ere kontuan hartu dute, “frankismoaren biktimen errekonozimenduan aurrera egitea bilatzen duten hainbat mozio aurkeztu” baitituzte.
Azkenik, “lorpen garrantzitsua” iruditzen zaie autobusaren lizitazioa abian jartzean, “azken 16 urteetako Udal Talde Sozialistak izandako eskaera historikoa” baita.
Hala, “aldebakartasuneko” joera nabaritu arren, Hondarribia “inklusiboagoa eta herritar guztientzako irisgarriagoa” lortzeko lanean jarraitzeko prest dago PSE-EE.