Jaietarako garbiketa dispositibo berezia bermatuko dute Txinzer eta Udalak
Sanpedro eta Sanmartzialetan hiriaren garbitasuna mantentzeko langile eta bitarteko gehiago jarriko dituzte Txinzer eta Irungo Udalak. Era berean, birziklatzeko eta edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko deia egin dute.

Txingudiko Zerbitzuak eta Irungo Udalak dispositibo berezia prestatu dute Sanpedro eta Sanmartzial jaietan “hiri garbi, zaindu eta jasangarria bermatzeko”. Hilaren 8an hasi baldin bazen ere, 22tik uztailaren 4ra dispositiboa indartuko dute.
12.991 eurokoa da zerbitzu arruntaren eguneroko kostua, baina jaietan %15ez areagotuko dute. Jende pilaketa handiak egoten diren egunetan, adibidez, hilaren 30ean, 94 lanaldi gehituko zaizkio dispositiboari, eta jai eremu nagusietako garbiketa bermatuko dute: San Juan plaza eta ingurua, Kale Nagusia, Sargia parkea, Kolon eta ingurua, Zabaltza plaza, Ficoba, Euskal Jai frontoia, Istillaga edo Erromes. Beira eta plastikozko ontziak eskuz bereiziko dituzte, eta edukiontzi gehiago ezarriko dira, baita hondakinak husteko maiztasuna areagotu ere. Egunero hustuko dira hondakinak “punturik kritikoenetan”.
Garbiketa bermatzeko birziklapenari eman diote garrantzia bi erakundeek. Horretarako, hamar birziklatze puntu egongo dira Irunen zehar. Alde batetik, Urdanibia plazako txosnek edukiontzi organiko eta beirazko edukiontzia izango dute, eta txosnetatik kanpo ere denentzako erabilgarri egongo den puntua jarriko dute kartoia, ontzi arinak eta beira bereizteko. Bestetik, Ficoban lau edukiontzidun zenbait puntu prestatuko dituzte, eta beste edukiontzi bat jarriko dute ferialarientzat. Azkenik, erdigunean birziklatzeko puntu ugari jarriko dituzte, seinaleztapen argiarekin.
Gainera, “jai jasangarriagoak ziurtatzeko”, 30.000 edalontzi banatuko ditu Txinzerrek txosnetan. Ohi bezala, txosnan euro baten truke lor daiteke, eta edalontzia itzuliz gero ordaindutako euroa itzuliko da. Jaien ondoren, Txinzerrek jasoko ditu edalontzi guztiak, eta enpresa baten bidez egingo da garbiketa, hurrengo jaietan berriz erabili ahal izateko. “Herritarren inplikazioa” funtsezkotzat jo dute erakundeek.