700 ikasletik gora Eskola Mini Olinpiadetan
Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek Bidasoa-Txingudiko Eskola Mini Olinpiadak antolatu zituzten maiatzaren 21ean, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez. Inklusioa helburu, egokitutako modalitateak ere eskaini zituzten, baita kirol egokituak ere.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako haurrek eskualdeko kirol eskaintza ezagutzeko aukera izan zuten maiatzaren 21ean, hiru Udalek Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez Ficoban antolaturiko Eskola Mini Olinpiadetan. 2013 eta 2017 urte arteko 700 haur baino gehiagok parte hartu zuten.
Ficoba pabiloian eta bere kanpoaldean 25 kirol modalitate ezagutzeko joko eta tailerrak prestatu zituzten, eskualdeko hemeretzi kirol elkarte eta erakunde bertan zirelarik. Besteak beste, piraguismoa, arrauna, bela, eskubaloia, errugbia, futbol sala, judoa, mahaiko tenisa, eskuska, xakea, eta herri kirolak egin ahal izan ziren.
Olinpiadak denei irekitzeko asmoz, hainbat kirolen egokitutako modalitateak ere prestatu zituzten, adibidez futbola, judoa eta mahaiko tenisa. Gainera, kirol egokituek ere izan zuten haien tokia, besteak beste, goalball edo bocciak. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin lankidetzak ahalbidetu du inklusiorako egitarau hau.
Haatik, dena ez zen kirola izan, beste ekimen batzuek ere tokia izan baitzuten. Batetik, “kostaldea zaintzearen garrantzia” azpimarratzen duen Marraztu Bidasoa lehiaketa izan zen. Bestetik, “gazte boluntariotzari” buruzko euskarazko irratsaioa izan zuten, ekitaldia antolatzen ibili ziren gazteek egindakoa.
Bidasoa-Txingudiko Eskola Mini Olinpiadak dagoeneko “ezinbesteko” hitzordu bilakatu dira eskualdean. Aurrerantzean ere, “integrazioa, aniztasuna eta parte hartze aktiboa izango dira topaketa honen ardatz nagusi”, Nuria Alzagaren arabera.