Kozinatzen ere, olinpikoak dira
Gastronomia probarekin bukatu dituzte gazte olinpiadak gaur. Musikaren txanda heldu da bazkal ostean, sari banaketaren ondotik, eta zer gozatu izango dute ordu txikiak arte.

Olinpikoak diren zalantzarik ez da, sobera agerian utzi dute, Gaur baina, kozinatzen ere hala direla erakutsi dute Hondarribiko gazteek, gazte olinpiadak bukatzeko antolatu duten gastronomia probarekin. Erdi aroko azokarekin bat egin du probak eta deia egina zuten garaiko jantziekin azaltzeko. Hala egin dute partaideetako batzuk.
Osagai berak izan dituzte esku artean kuadrilla ezberdinek, eta mordo bat izan dira. Oilaskoa, piperrak, patata, limoia… hortik aurrera talde bakoitzaren irudimena eta elikagaiak zein zaporeak egoki nahasteko abilezia bilakatu dira gako. Gaurkoak ez zuen puntuatzen, baina gogotik saiatu dira batzuk paella, besteek oilaskoa barazkiekin, gisatua… goizean goiz hasi dira lapiko arteko lanean, baita usain goxoa zabaldu Zumarditik herri osora.
Bazkal ostean ziren jakinaraztekoak olinpiaden irabazleak eta sari guztiak banatzekoak. Ondoren festa gehiago, eta musika erruz, Reparation Sound Sistem, Skakeo eta Toc taldeek joko dute, eta Fresa Morango DJa izango da oholtzara igotzen azkena.
Giro paregabean aritu dira denak kozinatzen goizetik hasita eguerdira arte. Mezu garbia gazte olinpiaden testuinguruan, ez dutela eraso matxistarik onartuko. Horren harira, puntu morea jarriko dute Zumardian 20:00etatik 23:00etara, eta Komite Olinpikoak ere protokolo propioa izango du halakoei aurre egiteko.
Ondoko irudiak jaso ditu HITZAk eguerdian.

































