Negoziaketa abiatzeko planto egin dute Txinzerreko langileek
Zaindariaren eguna dute gaurkoa eta planto egin diote enpresari. Presioaren ondorioz, negoziatzeko prest agertu da berriz enpresa eta hilaren 13an elkartuko dira.

Txinzerreko langileen hitzarmena berritzeko negoziaketarako mahaia martxoaren 24an egin zen eta hurrena maiatzaren 16an izan behar zuen. ELA sindikatuak salatu du bilera hori bertan behera utzi zuela enpresak “unilateralki” eta mezu elektroniko baten bitartez. Horrez gainera, beste datarik ez proposatu izana leporatu diote Txinzer enpresari eta langileekiko “errespetu falta” eta “onartezintzat” jo du jarrera hau sindikatuak. Azkenean eta langileen presioaren ondorioz, negoziaketarako hurrengo eguna hilaren 13a izango da.
ELAk berriro salatu du enpresa negoziaketa oztopatzen aritu dela eta denboran luzatzeko erabakiak hartzen ari direla. Egoera honen aurrean, Txinzerreko langileek mobilizazioak hasi zituzten pasa den hilaren 16an eta “arrakastatsua” izan zela baloratu dute. Negoziaketa “zintzoa” berriro martxan jartzea eta enpresak langileak errespetuz tratatzea eskatu dute.
Enpresaren ospakizun eguna da gaurkoa eta ELAk dei egin die langileei planto egitera. Halaber, enpresarekin bildu behar zuten egunean paro bat egin eta mobilizatzera egin dute dei. Langileek hautu hori egin dute eta enpresa negoziatzeko prest agertu da. ELAk zoriondu egin ditu langileak lorpenagatik, eragindako presioak haien helburua betetzea eragin baitu.
Zoriontzekoa da ere, sindikatuaren esanetan, langileen gehiengo zabal batek “ozen eta argi” esan izana ezetz Txinzer enpresak bultzatu asmo duen Adegiren enpresa kultura berriari. Aldiz, hitzarmenaren aldeko borrokari baietz esan diote langileek, Zaindariaren egunean planto eginez.
Hilaren 13ko bilerara begira, enpresari eskatu diote langileen arazoei erantzun eta beraien lan baldintzak hobetuko dituen aldarrikapenei erantzuteko. Bien bitartean, mobilizatzen jarraituko dute langileek, mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenei erantzun arte. Honako hauek dira negoziatu nahi dituzten eskubideak: Azken urteetan izandako eros ahalmen galeraren berreskurapena, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitik dauden soldata igoerak, plusak, bajak %100 osatzea baldintzarik gabe, jardunaldi murrizketa, enpresak hitzarmena aplikatzeari uztea ekiditeko klausula, ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat aldarrikapen, telelana, taulan baliokideak diren kategorien ekiparazioa eta azpikontratazioa mugatzea