Landa lurrak zaintzera deitu du Eguzkik
Kezka azaldu du kontrolik gabeko gero eta txabola eta baratza gehiago ari direlako ezartzen landa eremuan.

Azken urteetan landa eremuan bai lur pribatuan zein publikoan, txabolak eta antzeko eraikuntzak zein baratzak ugaritzen ari direla-eta kezka bizia azaldu du Eguzki Talde Ekologistak. Susmo betea du talde ekologistak inolako baimenik gabe egiten ari direla, “landa lurreko erabilerari begira edo jardueretarako indarrean dauden araudiak bete gabe, alegia”.
Egoera larria da taldearen hitzetan, “kontrolatu gabeko jardueraren ondorioz lurra eta ura kutsatzen ari delako, askotariko hondakinak pilatzen direlako, eta paisaia bera ere desitxuratzen ari delako, besteak beste”.
Egoera hori Oarsoaldean zein Bidasoan gertatzen ari dela azaldu du eta ez duela zalantzarik horren jakitun direla herri horietako udalak, “egoera ilegal hori ez da ezkutuan gertatzen den zer edozer, eta araudia betearazteko ardura dute udalek”. Hori horrela egoera lehenbailehen zuzentzeko eskatu die Oarsoaldeko zein irun eta Hondarribiko udaleei, “egoeraren irtenbidea zaildu eta sortzen dituen ondorioak areagotu baino lehen”.
Urbanoak diren eremuetan landakoetan baino errazago ekitea eta araudia betearaztea egotzi die gainera, tokiko erakundeei.
Denbora galdu gabe egoera zuzentzeko urratsak egin ditzaten galdegin die, horrenbestez, eta bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konplizitatea bilatzea aholkatu.