Arrantzale auzoko lanak bigarren fasean sartuko dira
Berrurbanizatze lanen bigarren fasea dela eta, ostegunetik aurrera ezingo dira autoak aparkatu arkuetatik kale hasierara. "Irisgarritasuna bermatzeko eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko" lanek 2026ko martxora arte iraungo dute.

Arrantzale auzoa berrurbanizatzeko lanei otsailaren 3an ekin zioten, eta hamabost hilabete iraungo dituela aurreikusten dute. Gran Sol eta Itxaropena tabernen arteko plazatxoa eta ingurua berritu ostean, ostegunean abiatuko dira auzoko 1-13 tarteko lanak. Beraz, ostegunetik aurrera ezingo da arku eta kale hasiera artean aparkatu. Bigarren fase hau udan bukatzea aurreikusten du Udalak.
Azken fasean, auzoko 13 zenbaki ingurutik San Pedro kalea berritu zen azken punturaino egingo dira lanak. Udazkenean hasi eta 2026ko martxoan bukatuko da.
“Irisgarritasuna bermatzeko eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko” ari dira egiten lanak. “Oinezkoentzako espaloiak zabaldu egingo dira, eta oztopo arkitektonikoak kendu”. Gainera, “lurpeko azpiegiturak ere egokituko dira” (saneamendu eta ur hornidura sareak, telefono eta argindar azpiegiturak), eta argiztapenean ere egingo dituzte hobekuntzak. 2.861.454,95 euroko aurrekontua dute lanek.