Aireportua eta Donostia arteko autobus zuzena martxan jarriko da
Iazko "arrakasta" ikusita, hilaren 20tik aurrera jarriko da martxan E30 autobus linea. Horren ondorioz, E21 lineak aireportuan geldialdia egiteari utziko dio.

Hondarribiko aireportua eta Donostia erdigunea lotuko dituen autobus linea zuzena martxan jarriko da hilaren 20an. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, “uda honetan, berriz ere, garraio publikoa indartzearen apustua” egin dute, “pertsona bakar bat ere ibilgailu pribatuaren mende egon ez dadin” eta “modu jasangarrian, azkarrean, erosoan eta eskuragarrian aireportura” joan ahal izateko.
Zerbitzu hau iazko udan ere martxan jarri zuten, eta “arrakastatsua” izan zela ikusita, aurten ere E30 izeneko linea martxan jartzea erabaki dute. Donostiako autobus geltokia eta aireportua izango dira geltoki bakarrak, eta Donostiatik 07:05, 08:05, 09:05, 10:05, 11:05, 12:05, 15:50, 16:50, 17:50, 18:50 eta 19:50ean abiatuko da; Hondarribiatik, ordea, 07:35, 08:35, 09:35, 10:35, 11:35, 12:35, 16:20, 17:20, 18:20, 19:20 eta 20:20ean.
E30 linea martxan jartzerakoan, E21 lineak aireportuan geldialdia egiteari utziko dio.