Orain bai, traineruak serio: bihar da Gipuzkoako Txapelketa
Bihar (ekainak 1, igandea) izango da jokoan sasoiko lehen txapel ofiziala. Oarso Bidasoko zortzi traineru izango dira Orion.

Traineruek jada ahaztu dituzte neguko jaitsierak eta udaberriko prestaketa estropadak. Serio jarriko da sasoia bihartik aurrera. Izan ere, bihar (ekainak 1, igandea) Gipuzkoako Traineru Txapelketa izango da jokoan, goizez, Orion. Zazpi txandatan banatu dituzte jokoan izango diren hiru txapeletarako hautagaiak: emakumeen, gizonen eta beteranoen kategorietakoak dira txapel horiek. Oarso Bidasoko zortzi traineru izango dira Orion.
Iaz, Hondarribian egin zen Gipuzkoakoa: gizonetan Hondarribiak hamabosgarrenez irabazi zuen txapelketa (bosgarrena jarraian), eta emakumeetan Arraun Lagunak izan zen onena. Herrialdekoan onenen sailkatuko diren traineruek Euskadiko Txapelketan izateko eskubidea lortuko dute; ekainaren 8an izango da, Bermeon.
Honakoak dira biharko zazpi txandak.
Beteranoak
- Txanda bakarra (10:30ean hasiko dira). Partaideak: Trintxerpe-Illunbe, Badok 13, Fortuna eta Zumaia.
Gizonak
- Lehen txanda (11:00). Partaideak: Hibaika, Larrun Kosta eta Zarautz.
- Bigarren txanda (11:30). Partaideak: San Juan, San Pedro eta Zumaia.
- Hirugarren txanda (12:00). Partaideak: Hondarribia, Donostiarra, Getaria eta Orio.
Emakumeak
- Lehen txanda (12:30). Partaideak: San Juan, Hernani eta Zarautz.
- Bigarren txanda (12:50). Partaideak: Hibaika, Hondarribia eta Zumaia.
- Hirugarren txanda (13:10). Partaideak: Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Tolosaldea.