Terrazen ordenantzaren hasierako onarpenari baiezkoa eman diote
Bidasoan psikiatria zerbitzua berriz eskaintzeko mozio bat aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran herritar multzo batek, eta Bidasoko ospitalean pediatriako larrialdien arreta zerbitzua berreskuratzeko beste mozio bat Osasun Bidasoak.

Atzo, hilaren 29an, egin zen Hondarribiko osoko bilkura, eta zenbait gai eta eskakizunen inguruan eztabaidatu eta erabakiak hartzeko aukera izan zuten: osasungintza, hirigintza, terrazak, edota Palestina.
Bilkura hasieran herritar multzo batek “Bidasoak haurren psikiatria zerbitzua berriz eskaintzeko” eskaera zekarren mozioa aurkeztu zuen, une honetan “Donostiara joan behar direlako eta horrek eraginak sortzen dizkielako, bai haurrei zuzenean baita familiei ere”. Osoko bilkurari babesa eskatu zioten, eta Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEk onartu egin zuten; EAJ, ordea, abstenitu egin zen.
Osasungintzarekin jarraituz, Osasun Bidasoa plataformak ere bazuen zer esan. “Bidasoko ospitalean pediatriako larrialdien arreta zerbitzua berreskuratzeko eskatzeko” mozioa aurkeztu zuten. Izan ere, “36 urtez ongi funtzionatu ondoren apirilean kendu egin zuten eta kalte handia ematen du”, eta “2012. urtera arte zegoen pediatria eredua bueltatzea eskatzen” dute plataformako kideek. Mozio hau, lehenengoaren moduan, Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEk onartu zuten, eta EAJ abstenitu egin zen.
Partiden arteko transferentzien ondorioz kredituak aldatzeko onarpen proposamenak aurrera egin du Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin. “Udalaren egikaritzean efizientzia handiagoa lortzeko” itxaropenarekin, 865.000 euroko aldaketa onartu zuten.
Etxebizitza sozialetarako zenbait proiektu
“Etxebizitza larrialdi egoera bizi duela Hondarribiak” azpimarratu ostean, etxebizitza sozial gehiago eskuratzeko hirigintza proiektuak onartu zituen osoko bilkurak.
Behin Montañenea “inguru urbanizagarri izendatuta”, promotoreak udalarentzako 30 babestutako etxebizitza egingo ditu. Cubo de la Magladena/Labreder inguruan beste 30 etxebizitza egingo dira, alokairu sozialera bideratuak. Etxanikean, ordea, etxebizitzen %75a babesekoa izango da, eta %25a etxebizitza libreak. Guztira 240 babestutako etxebizitza gehituko zaizkio herriari.
Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin onartuak izan dira proposamenak, EAJ eta PSE-EEren aurkako bozkak jaso arren.
Terrazen ordenantza aurrera doa
Azken asteetan ika-mika handia sortu duela ikusirik, terrazen ordenantzak orain arte izan duen ibilbidea oroituz ireki zuen gaia Estitxu Urtizberea gobernu taldeko zinegotziak. Izan ere, orain arte Alde Zaharrak izan du arautzen duen ordenantza bat, baina dagoeneko zaharkitua dago; eta herriko gainontzeko guneek ez dute araudirik izan.
Hala, ostalaritza “babesgabetasun juridikoa” duen sektorea dela iruditzen zaio, “araurik ez daukalako”, eta “herritar asko gogaituta daude” egoerarekin. “Interes kontrajarriak” dituzten bi kolektibo izanik, ordenantzaren prozesuan biek parte hartu behar dutela argi du Urtizbereak. Hori dela eta, dialogoan herriko eragile nagusiek parte hartu dutela azpimarratu du: “ostalaritza elkarteek, bizilagunek, mugikortasun edo ikusmen desgaitasunak dituztenek, eta Udaleko teknikariek”.
2024ko urrian hasi zen terrazen ordenantzaren lehen urratsa. Hainbat bilkura, entzute saio, eta aurre kontsulta egin ostean, bizilagun eta ostalaritzako ordezkarien kezkak eta iritziak jaso eta zirriborro berria osatu zuten bi aldeen beharrak kontuan hartuz.
EAJ eta PSE-EEk prozedura aldetik “ez egoki jokatu” izana leporatu zioten Udal Gobernuari: “aktak eskatu ditugunean esan zaigu web orrian zeudela”, bilera batzuetara “ez gara gonbidatuak izan”, “bilerak egin dira, baina erabakia zuek [Udal Gobernuak] hartu dituzue”, “48 orduko epe” laburra erabakiak ongi hartzeko…
Garoa Lekuonak, EH Bilduko ordezkariak, prozedura Udal Gobernuak bere kabuz eta bakarrik egin duela ukatu, eta “prozesu parte hartzailea” izan dela azpimarratu du.
Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin baiezkoa jaso du terrazen ordenantzaren hasierako onarpenak. EAJ eta PSE-EEk aurka bozkatu arren, hurrengo urratsetan oposizioa kontuan hartzera deitu dute jeltzaleek, “laguntzeko prest” baitaude “denen artean egitekoa” den zeregin honetan.
Palestinako sarraskiaren salaketa
PSE-EE eta EAJk “Israel Palestinan egiten ari den sarraskia kondenatzeko” mozioa aurkeztu zuten. Lehen puntuak, ordea, desadostasuna sortu zuen, zera proposatzen baitzuen: “2023ko urriaren 7an Hamasek egindako eraso bortitza gaitzestea”. Abotsanitzek, ordea, hurrengo proposamena egin zuen lehen punturako: “israeldarren gobernuak palestinar herriaren aurka egindako biolentzia bai eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea”.
Lehen punturako Abotsanitzen proposamenak jaso zuen onarpena, eta mozioa onartu egin zen.