Kultur aniztasuna ospatu dute mahaiaren bueltan
Kulturarteko Eguna ospatu dute gaur Irungo Belaskoenea ikastetxean. "Bizikidetzari, errespetuari eta kultur aniztasunari" eskaini diote gaurko ospakizuna.
Gaurkoa egun berezia izaten ari da Irungo Belaskoenea ikastetxearentzat eta haren bueltan aritzen diren ikasle, irakasle, guraso eta langileentzat. Kulturarteko Eguna ospatu dute, “bizikidetzari, errespetuari eta kultur aniztasunari” eskaini diote gaurko ospakizuna. Kulturen inklusioa eta elkar ezagutzea sustatzea izan du helburu gaurkoak.
Goizetik hasi dira ospakizunari lotutako jarduera eta ekintzekin. Askotariko tailerretan parte hartu dute ikasleek goizean zehar eta eguerdian heldu da une handia. Munduko plateren dastaketa egin dute ikastetxean bildutako guztiek. Mahaiaren inguruan elkartu dira denak, mundu osoko jakiez gozatu dute bertaratutakoek. Ikastetxeko iturrien arabera, “giro atsegin, alai eta goxo batean” igaro da eguna.
Gaurkoa bezalako egunekin “kultura aniztasunak ematen duen aberastasuna ikusarazi eta tolerantzia, elkartasuna eta elkarrizketa bezalako balioak sustatu” nahi izan ditu ikastetxeak. “Esperientzia aberasgarria izan da”, erantsi dute ikastetxeko iturriek.