Iru kanale uhartea leheneratzeko eskatu du Eguzkik
Iru kanale uhartearekiko administrazioak izan duen "kudeaketa txarra" salatu du Eguzki talde ekologistak. Irla leheneratzeko lehen eginbeharra bertako baratzak kentzea dela adierazi dute.

Azken hiru hamarkadetan Txingudiko biodibertsitatea babesteko zenbait neurri onartu dira, haatik, Eguzki talde ekologistaren arabera, “neurri asko gaur egunez daude beteak”.
Izan ere, 1994an Txingudiko Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Gainera, 1997an Interes Komunitarioko Leku gisa izendatu zuten. Azkenik, 2013an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeari buruzko dekretua kaleratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Plan Berezia onartu zenetik 31 urte, Interes Komunitarioko Lekua izendatua izan zenetik 28, eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren dekretua argitaratu zenetik 12 urte beteko direla oroitarazi dute ekologistek, azken honek zortzi urteko epea zuelarik neurriak betetzeko.
Hiru neurrietan Iru Kanale uhartean egin beharrekoak jasoak daude, eta leheneratzeko hainbat urratsen artean, “dauden baratzak hortik kentzea da lehena”. Eguzkiren iritziz, “gezurra dirudi” lehen plana onartu zenetik hainbeste urtera oraindik “leheneratu beharreko nekazaritza guneak egotea”.
Uhartearen leheneratze lanekiko administrazioak “kudeaketa txarra baino txarragoa” egin duela salatu du taldeak. Urteetan zehar arduradunek bete beharreko neurriak gauzatzeari “uko egin” badiete ere, egoera ez gehiago luzatzeko eta “ahalik eta azkarren indarrean dagoen araudiko kontserbazio neurri guztiak betetzeko” eskatu dute.