Oliba olio ekologikoa izango da Bioterrako aurtengo urrezko izarra
Ekainaren 6tik 8ra egingo da aurtengo azoka Ficoban. Hitzaldiak, postuak eta Gazteak On sari banaketa dira programazioaren parte.

Bioterrak hogei eta bi urte beteko ditu aurtengo edizioan. Ekainaren 6tik 8ra egingo da bere egoitza den Ficoban eta bertan elkartuko dira ekologiarekin lotutako sektore askotako eragileak, hala nola, nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, kosmetika, moda jasangarria eta kontsumo arduratsua. Ordutegiari dagokionez, ostiralean eta larunbatean 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara.
Urte hauetako lana hartu dute oinarri edizio honetan, eta antolatzaileek adierazi du “asko” dutela eskaintzeko. Esate baterako, Bioterrak ekoitxurakeriari aurrea hartu nahi dio eta enpresa parte hartzaileak hautatzeko eduki guztien benetakotasuna egiaztatzen duten adituen batzordetik pasa dira eduki guztiak.
Orotara 115 enpresa erakusketari baino gehiagoren lana edo produktuak egongo dira ikusgai. Oliba olio ekologikoa izango da aurtengo protagonista eta urre likidoari eskainitako espazio berezi bat egongo da aurtengo edizioan. Bertan, jatorri-deitura duten olioak elkartuko dituzte eta dastaketa gidatuak eskainiko dituzte.
Dibulgazioak ere protagonismoa izango du, hori baita Bioterraren identitatearen parte. 70 proposamen inguru antolatu dituzte, hitzaldiak, tailerrak, yoga saioak eta berritasun gisa, taichi saio bat. Hitzaldi guztiak, lotura honetan kontsulta daitezke. Gainera, igande honetan, ekainak 1, yoga masterclass bat eskainiko du Maria Eskitxabel Gal Stadiumean. 18 urtetik gorakoentzat da eta doakoa den arren, izena eman behar da. Euria egingo balu, bertan behera utziko dute jarduera.
Berrikuntzen artean Gazteak On sarien banaketa dago. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren paret da eta mugaz gaindiko Ideiak 2024 aurrekontu parte hartzailean saritu zuten. Bidasoan, Labore Txingudik, Maia Permaculturak eta Hendaia Koopek sustatu dute. Informazio guztia, albiste honetan.
Merka2dasoa
Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka egingo da Bioterran. Txinzerrek antolatutako ekimena da eta Bioterraren egun guztietan egongo da zabalik. Helburua, berrerabilpena, mugikortasun iraunkorra eta ekonomia zirkularra sustatzea da, baita ere merkatuaren kudeaketa erraztea eta ekitaldiaren lehen egunetik erosleei aukera zabala bermatzea da xedea.
Bizikleta bilketaren prozesua hasia du dagoeneko Txinzerrek eta parte hartu nahi duenak formulario bat bete beharko du. Behin izena emanda, bizikleta Ficoban entregatu beharko dute ekainaren 2tik 6ra, 09:00etatik 14:00etara. Dena den, aurrez aurreko erregistroa ahalko da egin Bioterran bertan; bizikletak eta erregistroa ere azokan ahalko da egin.
Hiru baldintza ezarri dituzte azoka honetan parte hartzeko; soilik bizikletak onartuko dituzte; ez dute onartuko patinete elektrikorik edo osagarririk; eta gehieneko salmenta prezioa 500 eurokoa izango da.
Erakundeak
Edizio honen aurkezpenean izan ziren Cristina Laborda alkatea, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatua eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua. Alkateak nabarmendu du Bioterrak bat egiten duela Irungo Udalaren politikekin, hain zuzen, mugikortasun jasangarriko politikekin.
Dominguezek esan du 32,5 milioi euro mugitzen dituen azoka dela Bioterra, iazko datuei erreparatuta. Horrez gain, Mugi txartelaren postu bat egongo dela adierazi du eta bertan Mugi txartel pertsonalizatuak izapidetzen laguntzen arituko dira. Mugi txartel anomiak ere eskuratzeko aukera eskainiko dute.
Asensiok azaldu du Gipuzkoako Eguzki Atlas berria aurkeztuko dutela. Atlas honekin gipuzkoarrek haien etxebizitzaren potentzial fotovoltaikoa zein den jakin ahalko dute eta eguzki plaken instalazioak ekar ditzakeen energia eta diru aurrezpena kalkulatu ahal izango dute. “Energia demokratizatzean sinesten dugu irmoki, eta herritarren zeregin giltzarrian energia ereduaren eraldaketan”, esan du diputatuak.