Udaberriko Eskola Politikoan, kolonialismoa
Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko Luciana Alfaro Lavadok eskainiko du hurrengo hitzaldia ostegun honetan (hilak 29). Beti bezala, Arbesko Toki Alai eskolan izango da saioa.
Udaberriko Eskola Politikoaren azken aurreko saioa egingo da ostegun honetan (hilak 29) Arbesko Toki Alai eskolan 18:30ean. Oraingoan, hitza emango diote Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko Luciana Alfaro Lavadori. Hark kolonialismoaren erraiak ukituko ditu Kolonialismoa; gaur eta hemen(dik) hitzaldian.. Saioa gaztelaniaz izango da.
Euskal Herrian bizi diren emakume arrazializatu eta migratuek soilik osatutako kolektiboa dela Euskal Herriko Emakume Arrazializatu eta Migratuen Sarea azaldu du Bor-borrek. Talde honek arrazakeriaren, kolonizazioaren eta orden patriarkalaren aurka borrokatuko den feminismoa eraikitzea dute helburu.
Sinopsia
Bor-borrek hitzaldiaren gaineko honako sinopsi hau jaso du: Kolonialismoak egiturazko harremana izan du kapitalismoaren sorkuntza eta garapenarekin. Horrela, alde batetik, kapitalismoarentzako ezinbestekoak dira periferiako herrialdeetatik arpilatzen diren baliabideak. Bestetik, zentroko herrialdeek ezartzen dituzten migrazio eta muga-politikak direla-eta periferietako herrialdeetara deslokalizatu ezin diren lanak periferiatik datozen langile migratu ultra-prekarizatuek betetzen dituzte. Aipatu dinamika horiek kapitalismo-raziala deritzona egituratu dute, kapitalaren metaketa arrazializazio prozesuetan oinarrituz, arraza bihurtzen delarik kapitalaren metaketa eta arpilatzerako dinamikaren oinarri materiala.