Txapeldunorde dira Txingudi Errugbiko 14 urtez azpikoak
Gasteizen dastatu dute garaipena pasa den asteburuan Transdipe Txingudi/Orereta/Baztan taldekoek.

Euskal errugbiaren ospakizun berriaren protagonistak izan ziren pasa den asteburuan Transdipe Txingudi/Orereta/Baztan, Getxo eta Gaztedi taldeak, Roberto Bartolome, Arrate Otaño eta Alex Suarez epaileen agindupean. Gasteizko Lakua-3 errugbi zelaian, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izan dira txapelketaren finalak jokatu zuten lehenengoak.
Getxo hasieratik izan zuen eskuetan nagusitasuna, baloiaren jabetza minutu luzez mantenduz eta metroak irabaziz. Txingudikoak defentsan ondo aritu badira ere, zailtasunak izan dituzte bizkaitarrak gelditzeko, bosgarren minutuan, entsegu eraldatu batekin aurrea hartu duten arte (0-7).
Baloia azkar errekuperatzen saiatu dira beltz-zuriak, parekotasuna hausteko gakoa eskuz esku modu eraginkorrean jokatzea izango zela argi baitzegoen. Behin eta berriz saiatu badira ere, aukerak ezin izan dituzte aprobetxatu eta markagailua berdin mantendu zuten amaiera arte.
Bigarren norgehiagokan, Getxok txapelketa matematikoki eskuratu du Gaztediri 28 eta 5 irabazi ondoren eta, ondorioz, goizeko hirugarren partida, bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko balio izan du.
Honetan, Transdipe Txingudi/Orereta/Baztanek ez dio aukerarik eman etxeko taldeari eta, lehenengo jokaldian, Giovani Ciurarrek lehenengo puntuak gehitu ditu (5-0). Bosgarren minutuan, Omar El-Mossaouiren entsegua eta Galder Eizagirreren eraldaketarekin, aldea beste zazpi puntutan handitu dute (12-0).
Eizagirrek berak, zortzigarren minutuan, entsegua eta eraldaketa lortu ditu eta, hamaikagarrenean, Markel Celestinok laugarren marka egin du, Eizagirrek eraldatutakoa, 26 eta 0ekoa jartzeko markagailuan. Atsedenaldia baino lehen, Gaztedik entsegua eta eraldaketa lortu ditu (26-7).
Bigarren zatia ildo beretik joan da eta hiru minutu baino ez zituzten behar izan Plaiaundikoek Ciurarren eskutik beste entsegu bat lortzeko. Beñat Tristan izan da eraldaketa sartu eta abantaila 26 puntuetara eraman duena (33-7). Gaztedik 23. minutuan aldea murriztu du entsegu eraldatu batekin eta, hiru geroago, Eizagirreren entsegua eta Tristanen eraldaketarekin, 40 eta 14ean jarri da markagailua.
Azkeneko jokaldian, arabarrek beste zazpi puntu gehitu dituzte, norgehiagoka 40 eta 21 amaituz. Emaitza honekin, 14 urtez azpiko taldea klubaren palmaresean idatzi du bere izena, Euskadiko eskolarteko txapelketako bigarren posizioarekin.
Urtats Mendizabal eta Xian Aizpurua, kapitain lanetan aritu direnak gaur, bigarren postuari dagokion saria partekatu dute taldekide eta Gasteizera hurbildu diren zaleekin.
Jokalariak: Markel Aizpurua, Aiur Callao, Oihan Sanchez, Omar El Mossaoui, Unai Aizpurua, Oier Goenaga, Urtats Mendizabal, Marcos Viñuela, Markel Orbegozo, Anie Pascaru, Urko Prieto, Julen Alejandre, Markel Celestino, Beñat Tristan, Unax Obeso, Telmo Bereziartua, Galder Eizagirre, Greta Gutierrez, Giovani Ciurar, Goretti Lekuona eta Paula da Purificaçao; Txingudiren aldetik: Enai Irastorza, Eki Galarraga eta Xian Aizpurua; Errenteria-Orereta ordezkatzen, eta Baztango Urko Apezetxea, Pau Martinez, Adei Usandizaga eta Aimar Vicondo aritu dira denboraldi honetan