'Tortilla irundarra' berriz izango da protagonista Parte Zaharrean
Tortilla berezi hau hiriko plater esanguratsuena izateko lehiaketa antolatu du bigarrenez San Juan-Alde Zaharra auzo elkarteak. Ekainaren 15ean izango da.

Auzo eta jai askotan antolatzen dira tortilla patata txapelketak baina bakarra da Irungo tortilla gisa ezaguna denari eskainitakoa. Bigarren urtez segidan antolatu du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak Tortilla Irundarraren Nazioarteko II. Lehiaketa eta txapelketaren asmoa errezeta partikular honek denboran irautea bultzatzea da eta hiriko plater tradizionalena bilakatzea.
Aurtengo hitzordua ekainaren 15ean jarri dute, 11:00etatik 13:00etara, Parte Zaharreko auzo elkartean bertan. Parte hartzaileek izena eman beharko dute helbide honetara idatzita, betiere ekainaren 8ko 20:00ak baino lehen. Mezuan, parte hartzaileen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia eman beharko dituzte. Soilik lehen hogei izen emateak onartuko dituzte.
Txapelketa
Lau lagunentzako tortilla irundarra prestatu beharko dute sukaldariek eta hori egikaritzeko osagaiak honako hauek dira: zortzi arrautza; Baionako urdaiazpikoa 100 gramo; perretxiko edo onddoak 100 gramo; hiru piper gorri, txerri gantza (olioaren ordez); perrexil freskoa xehatua; eta gatza. Azkenik, osagai eta tresna guztiak parte hartzaileek eraman beharko dituzte.
Zerbitzatzerako orduan ere arau batzuk jarri dituzte antolatzaileek. Batetik, kozinatu berri eskaini beharko diote epai mahaiari eta tortillaren inguruan zarakarrak egon beharko dira, triangelu forman moztuta eta apaingarri gisa. Errezeta hau La Cocina Vasca liburuan ageri da.
Jatorria
Tortilla hau dagoeneko desagertuta dago, hau da, ez da Irungo ostatuetan zerbitzatzen. Dena den, auzo elkarteak gogoratu du Urdanibia plazan zegoen Irureta jatetxean duela jatorria eta tortilla Irureta gisa ezagutzen zela.
Izena ez da kasualitatea, Irungo Real Union, Bilboko Athletic eta Atletico Madril taldeetako futbol jokalaria izan zen Jabo Irurera jokalariaren senideek zuzentzen zuten establezimendua baitzen tortillaren sorlekua.