Nazioarteko Squash Txapelketa bat antolatu du lehenbizikoz Lur Alaik
Emakumeen txapelketa izan da eta maila profesionaleko mundu osoko 16 jokalari elkartu ziren Artalekun. Etxeko bi jokalarik ere debuta egin zuten.

Pasa den asteburuan, hilaren 22tik 25era Nazioarteko Squash Txapelketa Profesionala Alizia Txoperena lehen aldiz jokatu zen Irunen, emakume jokalariei begirakoa. Artalekun jokatu zen eta Lur Alai Squash taldea arduratu da antolaketaz. “Urrats historikoa” egin dutela azaldu du bozeramaile Gorka Arretxek, klub xume batetik jaio delako halako ekimena.
Guztira mundu osoko hamar herrialdetako hamasei jokalari elkartu ziren Irungo squash pistetan, hala nola, egiptoarrak, kroaziarrak, esloveniarrak, frantsesak edota irlandarrak. Lur Alaiko bi jokalarik hartu zuten parte, nahiz eta maila profesionalean ez diren ari. Izan ere, etxean eta nazioarteko jokalariekin jokatu ahal izateko aukera paregabea probestu nahi izan zuten.
Hala, Leticia Maite Estornes baionarra baina Irungo taldeko kidea, eta sestaoarra den eta Euskal Herriko txapelduna ere baden Irune Peinado 17 urteko promesak aritu ziren jokoan. Ez zuten lehenbiziko itzulia gainditu baina egindako lanarekin “gustura” geratu ziren Irungo taldeko kideak.
Txapela Suitzara joan zen eta lehiaketa osorik ikusi nahi duenak Lur Alai klubaren Youtubeko kanalera jo dezake. Halaber, esteka honetan sailkapena osorik ikus daiteke.
Arretxek “esker ona” erakutsi dio Irungo Udalari, bai lurra berritzeagatik eta baita squash pistako marrak txapelketari begira margotzeagatik. Poza eta berri ona albiste izan den txapelketa honi begira hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ere argitu du Arretxek: “Emaitza izugarri hauekin babesle bila joan beharko ginateke, maila gorenera iristeko eta irabazleen esfortzua gutxienez diruz ordaindu ahal izateko. Administrazioaren eta enpresa pribatuaren laguntza eskatzen dugu”, bukatu du.