Ingurumenaren Astea aurkeztu du udalak
Herritarren kontzientziazioa piztu, gertuko ingurumenari erreparatu eta energia kontsumoaren inguruan herritarren ezagutza zabaltzeko jarduerak antolatu dituzte.

Datorren astean, hilaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko eguna ospatuko da, eta egun horri begira, lehen aldiz, Ingurumenaren Astea antolatu du udalak. Lau eguneko egitasmoaren bidez herritarren kontzientziazioa piztu, gertuko ingurumenari erreparatu eta energia kontsumoaren inguruan herritarren ezagutza zabalduko dute.
Alde batetik, haurrei bideratutako jarduerak prestatu dituzte. Ipuin kontaketako bi saio, tailer bat eta jolas bat antolatu dituzte. Eta beste alde batetik, helduei begira, tailer bat eta liburu aurkezpen bat egingo dituzte.
Hilaren 3an, arratsaldeko 18:00etan, Zuloaga Etxean, Nik maite dut natura ipuin kontaketa egongo da. 3-8 urte bitarteko haurrei begirakoa izango da. Miru kontalariak saioa euskaraz eskainiko du. Natura maitatzea, errespetatzea eta zaintzea da saio honen bidez azaleratu nahi dena, “klima aldaketaren aurrean, orain inoiz baino gehiago zaindu beharko baitugu natura”.
Ondoren, 18:30ean helduentzako Ezagutu zure etxeko kontsumo elektrikoaren gakoak eta ez erotu tarifa berriekin tailerra izango da. Kultur Etxean izango da hitzordua, 103. gelan. “Etxera iristen zaigun faktura hori interpretatzen jakiteko” zehaztu du Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak.
Izen ematea hilaren 30a baino lehen egin behar da. Aldundiarekin elkarkidetzan antolatutako jarduera da.
Hilaren 4an, arratsaldeko 18:00etan, Zuloaga Etxean, 3-9 urte bitarteko haurrei zuzenduriko ipuin kontaketa saioa eskainiko du Miru kontalariak. Honakoa ere euskaraz izango da. Ipuina Lurrari bira egitea ahaztu zitzaionekoa izango da.
Sinopsia: “Lurrari bira egitea ahaztu zaio. Horregatik planeta erdia egunez bizi da eta beste erdia gauez. Egoera horrek arazo oso larriak sortzen ditu. Konponbidea aurkitzeko gai izango gara?”.
Hilaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, helduei begirako liburu aurkezpena egingo dute. Udaletxeko areto nagusian izango da hitzordua, 18:30ean. Hondarribiko harresi biziak biodibertsitatearen gordeleku deituriko liburuxka Arantzadi zientzia elkartearekin lankidetzan sortu dute. “Haren bidez harresian dagoen biodibertsitatea ezagutuko dugu, animaliak, landareak… ezagutuko ditugu, gertuko horri atentzioa jartzeko eta izenak ikasteko”. Raul eta Oscar Dominguez Pazo anaiek ilustratu dute liburua. Aurrerago adieraziko dute liburuxkak non jaso daitezkeen.
Bestalde, egun honetan haurrek jolasteko aukera izango dute. Ipar poloa salbatzera goaz deituriko jolasa egingo dute Biteri haur parkean, 17:00etatik aurrera. Jolas kooperatibo baten bidez klima aldaketaren ezagutzan sakondu eta elkarren artean ipar poloko bizitza salbatuko dute.
Azkenik, hilaren 6an hiru orduko ilustrazio naturalistan oinarritutako marrazketa tailerra antolatu dute. Jaitzubia inguruan izango da, 17:00etatik aurrera. Marrazteko Jaitzubia ingurutik paseo bat emango dute parte hartzaileek. Ez da beharrezkoa material espezifikoa eramatea, bertan emango baitute. Hori bai, izen ematea beharrezkoa izango da.
Informazio guztia eta izena emateko bideak hemen.