Irungo Udalak barkamena eskatu du hainbat jarduera aldi berean antolatzeagatik eragindako ondorioengatik
Pasa den larunbatean Euskaraldiko ekimen batek eta Northfit crossfit lehiaketak bat egin zuten San Juan plazan. Udalak adierazpena atera du gertakari hauen harira.

Euskaraldiaren egitarauaren barnean, pasa den hilaren 24an, larunbata, San Juan plazan izatekoak ziren bi ekimenek bat egin zuten; batetik, Northfit Irun crossfit lehiaketa; bestetik, mutxikoak dantzan, Txorimaloak soinu taldearekin eta Elatzeta kantuz taldearekin; Bada, Udaltzaingoaren koordinazio arazo batengatik, hiruek bat egin eta Euskaraldiko ekimeneko kideek lekualdatu behar izan zuten haien jarduera, hauen haserrea eraginez.
Irungo Udalak deitoratu egin du joan den larunbatean bi ekimenek bat egin izanagatik eragindako ondorioak. “Koordinazio eta komunikazio faltagatik bi jarduera kaltetuta gertatu ziren”, azaldu dute. Bi jarduera seinalatu dituzte, crossfit txapelketak aurreikusi gisan burutu baitzuen bere jarduera, baina besteak moldatu egin behar izan ziren. Udalak konpromisoa hartu du iragan larunbateko egoera berriro gerta ez dadin. Barkamena ere eskatu dute eta entitateen ulermena eskertu.
Udalak adierazi du ere ez zela “euskara eta kultura bigarren maila batera baztertu”. Zehaztu dute Euskaraldiaren jarduera atzeratu egin behar izan zela eta hainbat alternatiba eskaini zituztela ere. Hala, Urdanibia plazara jaitsi ziren Txorimaloak Soinu Taldea, Elatzeta Mutxiko taldea eta Elatzeta Abesbatza eta lekualdatzeko erabaki hau parte hartzaileek hartu zutela azaldu du udalak. Bestalde, Irungo Atsegiñako kideek ibilbidearen bukaera aldatu behar izan zuten.
Northfit lehiaketako kideak San Juan plazan geratzearen harira, udalak azaldu du plazan jartzeko kirol materiala zutela eta hirian zehar haien guneak zeudela, hau da, proba ibilbidea San Juan plazatik igaro behar zela.