Irun eta Hondarribiko zigarrokinak jasotzen arituko dira
Surfrider GKEk antolatutako deialdia da; Hondarribian ostegun honetan (hilak 29) arituko dira jasotzen eta Irunen, berriz, larunbatean (hilak 31).

Surfrider Gobernuz Kanpoko Erakundeak zigarrokinak jasotzeko Colillaton kanpaina aktibatu du, Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna gertu dagoelako. Kanpaina honekin zigarrokinek ingurumenean duten eragin larriaz ohartarazi nahi dute eta herritarrak horren gainean sentsibilizatu. Bilketak Gipuzkoako hainbat herritan egingo dira eta Bidasoaren kasuan Irun eta Hondarribian egin dituzte deialdiak.
Zigarrokinak biltzeko kanpaina honek bi helburu ditu: zigarrokinen igurunean duten presentzia murriztea, eta batez ere, naturan duten abandonua desnormalizatzea. “Lehen begiratuan, zigarrokin batek ez dirudi kalterik eragiten duenik, baina bakar batek 500 litro ur kutsa ditzake”, jakinarazi dute.
Izan ere, zigarrokinaren iragazkia zelulosa azetatoz osatuta dago eta hamar urte baino gehiago behar ditu degrada dadin, hau da, hamar urtetan ez da desagertzen. Urte horietan hamaika substantzia toxiko askatzen ditu, besteak beste, beruna, artsenikoa edo amoniakoa.
- Hondarribian, hilaren 29 (osteguna), 09:45ean, Butroi pasealekuko hondartza txikian.
- Irunen, hilaren 31n (larunbata), 10:00etan, San Juan plazan.