Hondarribiko ikastetxeek Eskola Agenda 2030 udal foroan parte hartu dute
Aurtengo ikasturteak Garapen Jasangarriko Helburuen 12. puntua landu dute: Ekoizpen eta kontsumo arduratsua. Udal agintariei proposamenak egin zizkieten.

Atzo goizean Hondarribiko ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak udaletxera gerturatu ziren, Eskola Agenda 2030-en baitan egiten den foroan parte hartzeko.
Aurtengo ikasturtean Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuen baitako 12. helburua landu dute, hau da, Ekoizpen eta kontsumo arduratsua. Lanketa horren baitan Hondarribiko egoeraren diagnostikoa landu dute, eta horietan hobekuntzak planteatu dituzte.
Atzo goizean horiek martxan jartzeko proposamenak egin zizkieten udal agintariei. Bi mailako proposamenak landu zituzten ikasleek: udalaren eskumenekoak diren neurriak, eta ikasleek zein herritarrek egunerokoan txertatu ditzaketen ekintzak.
2025-2026 ikasturtean udalak herriko ikastetxeekin batera Esku hartze plana abiatuko du, ikasleek plazaratutako neurri horiek burutzeko, gazteen parte hartze aktiboa sustatuz.