Ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko diru laguntzak emango ditu udalak
Deialdi honetara 70.000 euro bideratuko ditu udalak. Alde Zaharrean dauden ekintzailetza proiektuek laguntza handiagoa jasoko dute.

Hondarribiarren “garapen sozioekonomikoa” indartzea helburu, pertsonen enpleagarritasuna hobetzea, enpresen sorkuntzari babesa ematea, lehiakortasuna hobetzea eta bertako proiektu estrategikoak sustatzea ahalbidetuko duen diru laguntzak emango ditu udalak.
Deialdiak bi lerro izango ditu: lehena ekintzailetzaren sustapenera bideratutakoa izango da, eta bigarrena, merkataritza zerbitzuen modernizazioa indartzera bideratutakoa. Horretarako 70.000 euroko bideratuko ditu udalak. 30.000 euro ekintzailetzaren sustapenerako izango da, eta 40.000 euro zerbitzuen modernizaziorako.
Gainera, Alde Zaharrean dauden ekintzailetza proiektuek beste trataera bat jasoko dutela zehaztu du Estitxu Urtizberea zinegotziak, udalaren helburua gune historikoari bultzada bat ematea baita. Proiektu horiek diru laguntza handiagoa jasoko dute.
Bestalde, dagoeneko martxan diren komertzioen iraunkortasuna bermatzeko eta hutsik dauden lokalak berriz merkaturatzeko hausnarketa betean daudela gaineratu du zinegotziak.
Deialdia zabalik egongo da hilaren 6ra bitarte. Tramiteak udal webgunearen bidez egin behar dira.