EH Bildu: "Irungo Udalak beste behin ere euskara zokoratu du"
Euskararekiko eta euskaraz egiten diren ekimenekiko udalaren bazterketa jarrera "sistematikoa" dela salatu du EH Bilduk. Euskaraldiko azken aurreko egunean gertatutako berriro ez gertatzeko neurriak eskatu dituzte.

Irungo EH Bilduk salatu du Euskaraldiko jarduera lekualdatu behar izan zela Irungo Udalaren arloen arteko koordinazio faltagatik. Momentu berean eta leku berean antolatuta zeuden Northfit crossfit txapelketa eta Euskaraldiko ekimen bat. Koalizio subiranistak deitoratu du Euskaraldiko ekimenaren muntaketa lanak hasita ere, eragileek plaza utzi behar izan zutela.
Koalizioak uste du koordinazio faltaz gain, euskara bigarren maila batean utzi dela eta Euskaraldi betean. “Irungo Udalak beste behin ere euskara zokoratu du”, adierazi dute. Hain zuzen, haur, gazte eta helduz osatutako euskarazko ekimena dela zokoratutakoa esan dute. Jarrera hau euskararekiko eta euskaraz egiten diren ekimenekiko “sistematikoa” izatea egotzi diote udalari eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak exijitu dituzte.
Euskarak “ezinbestekoa” duen leku faltarekin jarraitzen duela agerian geratu dela iritzi dute subiranistek. Aldi berean, udalari eskatu diote euskararekiko konpromisoa “modu irmoagoan” adieraz dezala, “soinean txapa bat jartzetik harago doana”, bukatu dute.