Aisialdiko begirale izateko titulua Martindozenean eskuratu ahalko da
Doako ikastaroa izango da eta bihartik aurrera (hilak 28) ahal da eman izena. Titulu homologatua jasoko dute parte hartzaileek.

Aisialdiko begirale titulua eskuratzeko ikastaroa eskainiko du bigarren urtez Hezten entitateak, Irungo Udaleko Gazteria sailaren ekimenez. Gaur egin dute ikastaro honen aurkezpena Martindozenea gaztelekuan eta bertan izan da Sandra Caballero Gazteria ordezkaria.
Irailetik maiatzera iraungo du aisialdiko begirale izateko ikastaroak eta larunbatetan egingo da Martindozenean. Bukaeran, Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua eskuratuko dute parte hartzaileek. Caballeroren esanetan, ikastaro hau lan oso espezifiko bati buruzkoa da, hau da, udaleku edo kanpamenduetarako begirale izatekoa eta etorkizunean baliagarriak izango diren esperientziak eskuratzeko “lehen kontaktua” dela adierazi du.
Ikastaroa
Iraupenari begira jarrita, saio teorikoak 150 ordu izango dira eta praktikoak, berriz, 160 ordu. Atal teorikoa aurtengo irailaren 17an hasiko da eta 2026ko maiatzaren 30ean bukatu. Euskaraz eskainiko den ikastaroa da eta gehienez 24 pertsonentzako plaza egongo da. Gutxieneko parte hartzaile kopuruak 10 beharko du izan. Doako ikastaroa da.
Atal teorikoan, parte hartzaileek 1995 eta 2008 urteen artean jaiotakoak beharko dute izan eta halabeharrez 17 urte beteta eduki beharko dituzte, edota moduluak hasten diren urtean adin hori bete beharko dute. Aldiz, atal praktikoari ekiteko 18 urte izan beharko dituzte interesdunek edota moduluarekin hasiko diren urtean 18 urte bete. Titulua eskuratzeko ere 18 urte beteta eduki beharko dira.
Izena emateko epea bihar irekiko da (hilak 28) eta ekainaren 13an itxi. Irungo Udalaren webgunera jo behar da inskripzioa egiteko eta zozketa publikoa uztailaren 9an egingo da. Zozketaren emaitzak, aldiz, uztailaren 14an jakinaraziko dituzte.
Eskainitako plaza baino pertsona gutxiagok ematen badute izena, ez dute zozketarik egingo eta izena eman duten guztiek egin ahalko dute ikastaroa. Onartu dituzten parte hartzaileei mezu elektroniko bat bidaliko diete behin betiko inskripzioa egin dezaten. Horretarako epea uztailaren 15etik 30era bitartekoa izango da. Zalantzak argitzeko telefonoa honako hau da: 943 50 54 04.