Irungo eta Hondarribiko alkateak osasun sailburuarekin bilduko dira
Bileraren helburua eskualdeko pediatria zerbitzuen egoeraren inguruan adostasun bat lortzea izango da, Bidasoaldeko osasun sistema publikoa hobetzeko.

Irungo eta Hondarribiko alkateak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bilduko direla jakinarazi dute ohar baten bidez. Bileraren helburua pediatria zerbitzuen egoeraren inguruan adostasun bat lortzea izango da.
Bi udalek eginiko eskaeraren emaitza da aurki egingo duten bilera, eta Alberto Martinez sailburuak erakutsi duen biltzeko prestutasuna “elkarlanaren eta adostasunaren bilaketaren adierazle” dela uste dute agintariek.
Osasun arretari eragiten dioten erabakiek “plangintza estrategikoetatik at” geratu ezin dutela uste dute alkateek, eta zentzu horretan, pediatria zerbitzuak indartzea eta arreta egokia bermatzea ezinbestekoa dela adierazi dute.
Azkenik, nabarmendu dute osasun sailburuarekin adostasun batera iristea garrantzitsua izango dela Bidasoaldeko osasun sistema publikoa hobetzeko eta herritarren benetako beharrei erantzuteko.