Igandera bitarte Nafarroaren baitan dantzan
Atzo hasi zen Kemenek udalaren laguntzarekin antolatzen duen Hondarribia Dantzan jaialdia. Igandera bitarte jarduera ugari antolatu dituzte, herria dantzan jarri eta ezagutza zabaltzeko.

Kemen Dantza Taldeko dantzarientzat urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat izaten da Hondarribia Dantzan. 2007az geroztik antolatzen da, eta lau egunez herria dantzan jartzea du helburu. Hala kontatu dute aurtengo ekitaldia antolatzen aritu diren Saioa Zabala Aristizabalek eta Aiora Fagoaga Izak: «Euskal Dantza ez dago oso hedatua herrian, eta plangintza honekin gure helburua da erakustea denok dantzatu dezakegula. Hondarribia dantzan jarri nahi dugu, eta aldi berean, dantzaren inguruan hezi nahi dugu».
Helburu horiek betetzeko Hondarribia Dantzan-ek irauten duen egunetan, ostegunetik igandera, askotariko jarduerak antolatzen dituzte.
Aurten jarduera guztiek Nafarroan dute oinarria. Hilaren 13an Nafarroako jantziei buruzko erakusketa zabaldu zuten. Lesakatik hasita Erronkariraino doazen 16 piezak osatzen dute erakusketa. Kemen Dantza Taldeko jantziak dira guztiak, dantzatzeko erabiltzen dituztenak. Erakusketa Arma Plaza Fundazioan izango da ikusgai, hilaren 25era arte.
Lau eguneko egitaraua
Atzo, jarduerekin hasteko, Itsas Etxean Momotxorroak, kaos baten istorioa dokumentala proiektatu eta haren inguruko mahai-ingurua egin zuten. Altsasuko inauterien berreskuratzeari buruzko dokumentala da, Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak ekoiztutakoa, eta Jon Eguskizak eta Kepa Otaegik zuzendurikoa.
Gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Otsagabiako Dantzariek eta Kemen Dantza Taldeak dantza saioa eskainiko dute Santa Maria Madalena Plazan. Emanaldiak bi zati izango ditu. Lehen zatian dantza talde bakoitzak beren ohiko dantzak dantzatuko ditu, eta bigarrenean Kemenekoek Nafarroako inauterietako dantzak dantzatuko dituzte, egun honetarako espresuki prestatu dituztenak.
Larunbatean Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore taldeak Gamazada ikuskizuna eskainiko du. Arma Plazan izango da, 19:00etan. Auñamendi Eusko Entziklopediaren arabera, 1893ko udaberritik 1894ko otsailera arte 1841eko Foruen Legeari esker Nafarroak zuen zerga autonomiak izan zezakeen mehatxuagatik ezagutzen den aldiari deitzen zaio Gamazada. Garai hartan German Gamazo zen Espainiako Ogasun ministroa. «Erriberako dantzak dantzatzen dituzte antzerkiarekin uztartuta. Herri antzerki moduko bat da, maskaraden antzekoa», azaldu du Zabalak.
Igandean, berriz, haurren eguna ospatuko dute. Hasieran harrobiaren lana [Adaxka Dantza Eskola] ikustarazteko eguna izaten zen igandekoa. Azken urteetan, ordea, Dantzari Txiki Eguna egiten dute. Era horretara, herritik at dauden dantzariak ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera izan dute bertako dantzariek.
Euskal dantza taldeentzat, gainera, oso garrantzitsua izaten da elkarren arteko harremana zaintzea. Zabalaren iritziz «oso aberasgarria» delako beste taldeak ezagutzea. Aldi berean, noizean behin herritik atera eta Euskal Herrian zehar dantzan aritzeak «talde aberastasuna» dagoela ikustarazten laguntzen duela gaineratu du.
Aurten Urretxuko Lurra Dantza Taldea, Lesakako Tantirumairu Dantza Taldea, Hendaiako Akelarre Dantza Taldea, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Taldea, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako dantzariak, eta Kemen Dantza Taldeko Adaxka Dantza Eskolak parte hartuko dute.
Dantza taldeak goizean goiz bertaratuko dira herrira, eta 10:30ean hamaiketako bat egin ondoren, kalejira hasiko dute. Hiru taldetan banatuko dira dantzarien multzoak. Lehen taldea Arrantzale auzoko plazatik abiatuko da eta Martxoak 8 plazaraino egingo dute bidea. Bigarren taldeko dantzariak Butroi pasealekutik irten eta Kai Zaharretik Azeri elkartera joango dira. Hirugarren taldeak Butroi pasealekua gurutzatu eta Arrantzale auzoko plazan bukatuko du kalejira.
12:30ean Arma Plazan bilduko dira guztiak, eta elkarrekin dantza emanaldi bat eskainiko dute. Bukatutakoan Soroeta pilotalekuan elkarrekin bazkalduko dute, eta tripak betetakoan erromeriaz gozatuko dute. 16:00etatik 18:00ak arte izango da, Soroetan bertan.
Gazteen iniziatiba
Zabala eta Fagoaga jaialdia antolatzen aritu diren talde motorreko kideak dira, eta hura antolatzeko erronka «modu naturalean» hartu zutela kontatu dute. «Aspalditik gaude Kemenen, txikitatik. Nire familia guztia Kemenen dago. Oso gurea sentitzen dugu», kontatu du Zabalak. Antolaketa guztia egiteko lantaldeetan banatu direla zehaztu du Fagoagak. «Talde motor bat dago, baina taldeko denek aktiboki parte hartu dute. Horrela ulertzen dugu Kemen».
Hondarribia Dantzan bezalako ekitaldi bat antolatzeak lan handia eskatzen duen arren, esfortzuak merezi duela ziurtatu dute, «urteko onenetarikoa» izaten baita haientzat. «Gainera, herria guretzat izaten da, eta horrek asko betetzen gaitu».