Hondartzen kudeaketa indartzeko akordioa sinatu du udalak aldundiarekin
2027 urtera arte 4,1 milioi euro gehiago bideratuko ditu aldundiak Gipuzkoako hondartzetako funtsezko zerbitzuak finantzatzeko.

Gaur goizean hondartzen kudeaketa 2027 urtera arte indartzeko akordioa sinatu dute Gipuzkoako kostaldeko udalerriek aldundiarekin. Eta honetan, hondartzetako funtsezko zerbitzuak finantzatu (sorospena, bainugela egokitua, hondartza zerbitzuak…) eta udalerriek dituzten eskaerei erantzuteko gaitasuna izango dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, “aurrekaririk gabeko ahalegin ekonomikoa” egingo dute udalek hondartzen kudeaketa bermatu dadin. Jasangarritasun departamentuak 4,1 milioi euro gehiago bideratuko ditu (2027ra arte) egiteko horretarako. Guztira 2.650.000 euro bideratzen ditu urtero hondartzen kudeaketa egiteko, aurten 700.000 euro gehitu behar zaio partida horri, 2026an eta 2027an 1.700.000 euro gehiagokoa izango da partida.
Honako akordioa negoziazio “luze” baten eta Aldundiak lurraldearekin duen “konpromiso irmoaren” emaitza dela adierazi du Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko diputatuak. “Badakigu hondartzen kudeaketak ahalegin ekonomiko handia eskatzen duela, batez ere udalerri txikienentzat. Inbertsio horrekin, gure hondartzen kudeaketa integralean eredu bidezkoagoa, koordinatuagoa eta eraginkorragoa lortzeko urrats estruktural eta egonkorra egin dugu”.
Udalerri bakoitzak duen biztanleriaren arabera banatuko dira partida gehigarriak:
- Getaria (5.000 biztanle baino gutxiago): estalitako kostuaren % 80.
- Mutriku, Deba, Orio (5.000 eta 10.000 biztanle artean): % 75.
- Zumaia (10.000 eta 15.000 biztanle artean): % 60.
- Zarautz eta Hondarribia (15.000 biztanletik gora): % 50.
Aldi berean, aldundiaren erosketa zentralaren bidez, sorospen eta salbamendu zerbitzua kontratatzeko lankidetza bermatuko diete udalerriei.