Ostalaritza elkarteak terrazen ordenantzaren hasierako onarpena atzeratzeko eskatu du
EAJren eta Abotsanitzen arteko eztabaida "antzua" dela adierazi eta ordenantzaren dokumentuaz eztabaidatzeko mahai bat eratzeko eskatu du elkarteak.

EAJk eta Abotsanitzek terrazen ordenantzaren inguruan izan duten aste honetako “eztabaida antzuaren” aurrean “txundituta” geratu da Hondarribiko Ostalaritza elkartea. Hala adierazi dute hedabideetara bidali duten oharrean.
Hondarribia hiri turistikoa da eta terrazak bertako aktibitate ekonomikoaren zati garrantzitsua direla adierazi dute lehenik, ostalaritzan lan egiten dutenen “bizimodu eta sostengu” hein batean.
Ordenantza berria idazteko prozesua hasi zenean, haiek aztertu zezaketen dokumentu bat eskatu zuten, eta dokumentua jasotakoan hura aztertzeko arrazoizko epe bat eta udalarekin aurrez aurreko negoziaketa mahai bat eratzea eskatu zuten, hasierako dokumentuaren edukia adosteko.
Elkarteak adierazi duenez, birritan erreklamatu eta eskaera anitz egin izan arren, ez dute helburu horiek betetzea lortu. Ondorioz, datorren asteko osoko bilkuran hasierako dokumentua onartua izango balitz, alegazioak aurkezteko epea zabalduko litzateke, “hau da, zirriborroa berridazteko epea zabaldu eta duela bi hilabete egin bezala testua hobetzeko proposamena bidaliko genieke” esan dute Ostalaritza elkarteko kideek etsipenez.
Aipatutako proposamen horien erantzunik jaso ez izana deitoratu dute ondoren, eta hurrengo hiru eskakizun egin dizkiete udaleko alderdiei: “beren arteko borrokak bukatzean abisatu gaitzatela, ordenantzaren hasierako onarpena atzeratu dadila, eta ordenantzaren dokumentua zehazteko mahaia eratu dezatela”.