EAJ: "Hondartzako lurren desafekzioari dagokionean aurrerapen guztiak ongi etorriak dira"
Hondarribian lur horiek berreskuratzeko aukera mahai gainean egotea EAJk Madrilen egindako lanaren emaitza dela adierazi dute.

Hilaren 9an Madrilgo Trantsizio Ekologikoko Ministeriotzako (MITECO) eta Gipuzkoako Itsasertzetako Arduradun ordezkaritzarekin, eta EH Bilduko senatariarekin bildu zen Hondarribiko Udala, hondartza inguruko lurren berreskurapena lortzeko tramitazioan urratsak emateko helburuarekin.
Saioa “bide egokitik” joan zela azaldu zuen alkateak ondoren, eta gaian inplikatuta dauden eragile guztien konpromisoa eskatu zuen tramitazioa azkar egiteko. “Egia da, espedientearen tramite soilak hilabeteak eraman ditzakeela. Horregatik, eskertu nahi dut bide honetan bidelagun ditugun eragile guztiak. Baina eskatu nahi dut ere, alderdikeriak alde batera uztea, garrantzitsua delako denok bilatzen dugun amaiera baikorra izan dezan”.
Gaurkoan, EAJ alderdiak Madrilen egindako lana nabarmendu nahi izan du. “Aukera hori EAJk Madrilen egindako lan politiko eta instituzionalaren emaitza da. Izan ere, Hondarribian lur horiek berreskuratzea EAJk eta PSOEk 2023ko azaroan sinatutako inbestidura akordioan sartu zen, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko negoziazioaren baitan”.
Akordio hori lortu ondoren, orain, udalaren eta MITECOren, Gipuzkoako Itsasertzetako Arduradun probintzialaren eta EH Bilduko senatariaren bilera “ospatu” egin duten arren, ez dutela “tramitazioa mahai gainean egotea ahalbidetu duen aldez aurreko lana isilaraztea edo ezabatzea” nahi adierazi dute.
Azkenik, alkatearen bidetik jo dute jeltzaleek ere: “Hondarribiarrentzat estrategikoak diren erabakiek interes alderdikoien gainetik egon behar dutela defendatu dugu beti”.