BidaSos kanpaina, hirugarren urtez martxan
2022an hasi zen, eskualdean antzemandako birtziklatze beherakada bati aurre egiteko neurri gisa. Gaur goizean, azken bi urteetako datuak plazaratu, eta aurtengo kanpainaren berri eman dute.

Hirugarren urtez jarraian abiatuko da BidaSos kanpaina. Gaurtik ekainaren 3ra Urdanibia auzoan izango da (Eihera plazan), eta ekainaren 5etik uztailaren 15era Hondarribiko Akartegi auzoan.
2022an hasi zen, eskualdean antzemandako birtziklatze beherakada bati aurre egiteko neurri gisa. Gaur goizean, azken bi urteetako datuak plazaratu, eta aurtengo kanpainaren berri eman dute Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak-eko presidenteak, Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Cristina Laborda Irungo alkateak.
Txingudiko Zerbitzuak-en datuen arabera, azken bi urteetan eskualdeko birtziklatze tasa %54tik %66ra handitu da organikoari dagokionean, eta birtziklatze totalari dagokionean, berriz, %57ra igaro da.
Honako datuak BidaSos kanpainaren eraginez soilik izan ez badira ere, kanpainaren eraginkortasuna nabaria izan dela adierazi du Zubiturrek; “Izan ere, ikusi dugu akonpainamenduarekin eta informazioarekin herritarrek gure eskariei erantzuteko eta konpromisoak hartzeko prest daudela. BidaSos kanpaina Irungo Santiagon, Beraunen, Alde Zaharrean, Dunboan, Arbesen eta Meaka auzoetan egin genuen aurrenik, eta birtziklatze tasa %53tik %68ra igotzea lortu genuen. Ondoren, Larreaundin, Olaberrian, Behobian eta Artian izan ginen eta %56tik %71ra igo zen organikoaren birtziklapen tasa”.
Hondarribian ere gorakada nabarmena izan dela zehaztu du Zubiturrek: “Alde Zaharrean eta Portuan, adibidez, %46tik %63ra igo da tasa”.
Urdanibia auzoan gaurtik ekainaren 3ra
Une honetan Urdanibia auzoko birtziklatze tasa %40koa da, eta datozen egunetan datua hobetzen ahaleginduko dira. Horretarako, bulego bat eta bi informazio kubo ezarri dituzte, auzotarren dudak erantzuteko eta informazioa jasotzeko. Hortaz gain, ingurumen hezitzaileak auzotarren etxebizitzak bisitatuko dituzte herritarrak informatzeko, dudak erantzuteko eta organikoaren birtziklatzean alta emateko erraztasunak emateko.
Bulegoa astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango da zabalik. Larunbatetan aldiz, 09:00etatik 14:00etara.
Irun eta Hondarribia BidaSosekin bat
Cristina Laborda Irungo alkateak, ezer esaten hasi aurretik, Txingudiko Zerbitzuakeko langileak zoriondu ditu, BidaSos kanpaina aurrera ateratzeko egiten ari diren esfortzuagatik. Segidan, herritarrei zuzendu zaie alkatea: “Herritarrek ardura beren gain hartzeko prest egongo ez balira, ezinezkoa izango litzateke datuok lortzea” adierazi du.
Datuak onak diren arren aurrera egiten jarraitu behar dela zehaztu du ondoren Labordak, helburua argia baita: birtziklapen tasa orokorraren %70era iristea. Horretarako, oraindik organikoa birtziklatzen ez dutenei pausoa emateko dei egin die: “Ohitura aldaketa honekin denok irabazten dugu”.
Hondarribian, Irunen bezala, birtziklapena helburu bat dela adierazi du Igor Enparan alkateak, eta horretarako gaika biltzearen garrantzia nabarmendu du: “Hau ez da nahi bat, komunitate bezala dugun betebeharra baizik”. Eraldaketa soziala lortzeko bidean, erakundeak bultzada emateko gakoa direla uste du alkateak, eta zentzu horretan, BidaSosek erakundeak jendearengatik gertu sentitzen laguntzen dituela adierazi du, dituzten beharrak entzun, zailtasunak adierazteko. Era horretan, etorkizuneko kanpainetan jendearen beharretara “hobeto egokituko” direla uste du alkateak.
Azkenik, keinu bakoitzak duen garrantzia mahai gaineratu nahi izan du: “Gutako bakoitzak egiten ditugun keinu bakoitzak laguntzen du helburu hauek lortzen, hondakinak ongi bereizteak ingurunea garbiago mantentzeaz gain, kaleak eta itsasoa garbi mantentzen, eta hurrengo belaunaldiek lurra modu osasuntsuago batean aurkitzea laguntzen duelako”.