Teresa del Valle omenduko dute XI. Hondarribia Berdintasunaren Hiria sarietan
Jaizkibel Konpainiak hilaren 30ean (ostirala da) egingo du Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariaren XI. ekitaldia.

Jaizkibel Konpainiak hilaren 30ean (ostirala da) egingo du Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariaren XI. ekitaldia. Orain artean, Hondarribiko Jai Nagusien bueltan egiten zen, baina aurten maiatzera aurreratzea erabaki dute.
Konpainiako kideek urtero saritu bat hautatzen dute eta aurten Teresa del Valle ikerlari eta antropologo feminista hautatu dute omendu gisa. Bereziki, Euskal Herrian antropologia feministaren atea zabaldu izanagatik “omendu eta eskertu” nahi dute del Valle.
Emakumearen eta genero sistemen arloan ekarpen akademiko handia egin zuen donostiarrak. 1985ean argitaratu zuen Mujer vasca. Imagen y realidad azterlana, esaterako, Euskal Herriko antropologia feministaren abiapuntutzat jotzen da. Del Valle 2025eko apirilaren 8an zendu zen eta orain, haren ekarpena balioan jarriko du Jaizkibel Konpainiak.
“Batzuek errealitate estankoak ikusi nahi zituzten tokian, haiek hariari tira egin diote, historiaren matazari so, erakutsi dute gure ustezko tradizioak une historiko bakoitzeko behar sozialetara egokitzen diren eraikuntzak direla. Eta ez digute soilik atzera begiratzen erakutsi, oraina ulertzen lagundu digute, etorkizuna eraldatzen saiatzeko” adierazi du konpainiak sare sozialetan.
Egiteko horri tinko eutsiko diote beste urte batez; “zuk [Teresa del Valle] erakutsitako bidetik pentsamenduetan arrakalak sortzen jarraituko dugu”.