Marrazki eta Pintura akademiako ikasleen lanak, bihartik ikusgai
6 eta 93 urte arte arteko 67 parte hartzailek egindako lanek osatzen dute hiru aretotan banatutako erakusketa. Bihar inauguratuko dute.

Udal Marrazki eta Pintura Akademiako ikasleek 2024-2025 ikasturtean egindako lan hautatuen bilduma aurkeztu dute gaur Nuria Alzaga Irungo alkateorde eta kulturako ordezkariak eta Rakel Salinas zein Xabier Arribas irakasleek.
Hitzartzean zehaztu dutenez, erakusketa bihartik –hilak 23– ekainaren 1era arte egongo da ikusgai, Amaia KZn. Bilduma 6 eta 93 urte arte arteko 67 parte hartzailek egindako berrehundik gora artelanek osatzen dute, eta hiru aretotan dago banatuta.
Alzaga: “Zirraragarria da urtero Amaia KZn udal Akademiako ikasleen lan hautatuen bilduma ikustea. Erakusketak urte osoko lana laburbiltzen du, eta, dudarik gabe, merezi du ikustea, lan hauetako asko museoetan ikusgai jartzeko modukoak baitira”.
Erakusketa 19:00etan inauguratuko dute, bihar, eta asteartetik larunbatera arte egongo da ikusgai 18:00-21:00 artean. Igandeetan, haatik, 11:30etik 13:30 arte bisitatu ahal izango dira aretoak.
Areto handiena
Lehen areto horretan programazioaren barruko proposamenetan oinarrituta egindako lanak daude; tartean, mugimendu surrealistan oinarritutakoak, Andre Bretonen lehenengo manifestu surrealistaren mendeurrena dela-eta, kasu. Horretaz gain, Nisa Goiburu, Maruja Mallo, Kay Sage, Leonora Carrington, Remedios Varo emakumeetan oinarritutako lanak ere badira.
Bigarren aretoa
Eremu horretan Hazitegia proiektuaren emaitza nagusia ikus daiteke. Helduek eta haurrek elkarlanean egindako collage bat da horien artean bereizgarrietako bat, baita ikatz ziria eta teknika mistoak erabiliz albotik egindako eskala handiko erretratuak ere.
Hirugarren aretoa
Gela horretan proiektu pertsonak bat landu duten ikasleek egindako olio eta marrazkiak daude, programaren barruan olioa erabiliz egindako paisaiekin batera.